Gizartea -
Koronabirusa
"Bilera sozialak ezinbestekora murriztea" gomendatu du Eusko Jaurlaritzak
COVID-19ari eusten saiatzeko gizarteari hamar gomendio eman dizkio EAEko Exekutiboak, indarrean dauden neurri murriztaileen osagarri izateko.
Agentziak | Erredakzioa
COVID-19ari eusten saiatzeko gizarteari hamar gomendio eman dizkio Eusko Jaurlaritzak, indarrean dauden neurri murriztaileen osagarri izateko. Besteak beste, “bilera sozialak ezinbestekora murriztea” gomendatu du Exekutiboak, baita kasuen bilaketa errazteko aplikazio mugikorrak erabiltzea ere.
Jaurlaritzaren esanetan, hamar gomendioak orain arte ezarritako neurri murriztaileak “bezain garrantzitsuak” eta elkarren osagarriak dira.
Gainera, telelana eta ordutegi malguak bultzatzeko gomendioa eman die EAEko Exekutiboak enpresei, baita garraio publikoen frekuentzia areagotzea ere, aglomerazioak saihesteko, batez ere puntako orduetan.
Euskadiko Babes Zibil Egitasmoko Batzorde Teknikoak (LABI) gomendio guztiak dokumentu batean jaso ditu, prebentzio neurriak zorrotz betetzea ziurtatzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzak gomendioak bere egin ditu. Gainera, “jarraipen zorrotza egiteko konpromisoa areagotzea”, eskatu du Exekutiboak.
Dagoeneko ezarri dituzten neurriez haratago, jarrera indibidualari dagokionez, eskuak garbitzeko, maskara erabiltzeko, distantzia soziala mantentzeko eta bizikidetza taldetik at bilera sozialak murrizteko gomendioa eman dute.
Jarduera familiar eta soziala
Gainera, edozein jarduera familiar edo sozial atzeratzea edo bertan behera uztea proposatu du LABIk, ezinbestekoa ez baldin bada. Posible den heinean, toki itxietan batzarrik ez egitea aholkatu du, eta interakzio soziala leku irekietan eta ongi aireztatuetan egitea. Era berean, kasuen eta kutsatuen jarraipena zein bilaketa errazteko erakundeek martxan jarritako APPak erabiltzea eskatu du.
Norbanakoaren konpromisoari dagokionez, autoisolamendua eta autobilaketa “garrantzia berezia hartzen” ari dela uste du LABIk, COVID-19ren sintomarik agertzen bada. Horrela bada, Osasun Zerbitzuari jakinarazi behar zaio.
Une horretatik bertatik eta proba egiteari itxaron barik, “jarrera arduratsu eta zibikoena berehala autoisolatzea da”, eta azken bi egunetan izandako harreman estuen (autobilaketa) zerrenda bat egitea. Probaren emaitza izan arte edo jaso ostean jokabide arduratsu bera mantendu beharra dago.
Bilerak
Bilerei dagokionez, familiarteko edo lagunarteko ospakizun edo bilerak “ezinbestekora murriztea” eskatu du LABIk. “Bildu daitezkeen gutxieneko pertsona kopurua errespetatzeaz ez gara ari, norberak muga arduratsuak jartzeaz baizik, egoera epidemiologikoa arrisku handikoa den bitartean batzarrak atzeratzea eta bertan behera uztea”, erantsi du.
Ostalaritza futbol partidak edo bestelako ikuskizunak elkarrekin ikusteko ez erabiltzea gomendatu du Jaurlaritzak, “birusa transmisioan arrisku handiko testuingurua baita”.
Era berean, tabernetan zein jatetxeetan maskara une oro egoki jantzita izan behar dela errepikatu du LABIk. Edateko ala jateko unean soilik kendu daiteke. Zentzu horretan, maskararen erabilera lasaikeriaz egitea “infekziorako arrisku foku objektiboa da”, ohartarazi dute.
Kirola
Kirol instalazio itxiak arriskuko tokiak direla ohartarazi du Exekutiboak; horregatik, prebentzio neurriak areagotzea eskatu du. Bereziki, gimnasioetan eta kiroldegietan aldagelak ez erabiltzea aholkatu du LABIk.
Toki itxietan lehiaketak publiko gisa ikustera ez joateko gomendioa eman dute, eta kiroldegi, gimnasio zein aldageletan kirola maskararekin egin behar dela gogorarazi dute, gehienez sei pertsonako taldeak antolatuz eta segurtasuneko distantzia gordez.
Esparru guztietan toki itxiak etengabe aireztatu behar dira, airea berritzeko, prebentzio neurri eraginkorra delako; eta neurria bete beharra dago, bereziki, sotoetan edo erdisotoetan kokatutako lokalak ala aireztatze eskasa dutenak.
Testuinguru horietan, gainera, airea berritzeko aireztapena areagotzeaz gain, distantzia, higienea, aforo maximoak eta maskara erabiltzea ezinbestekoa da.
Pasillo, hall eta garraioak
Era berean, zonalde komunak arrisku handiko esparruak dira, hala nola, pasillo, hall edo unibertsitateetako tabernak. Horregatik, leku horietatik pasatzeko eta egoteko protokoloak betetzea eskatu du LABIk, eta prebentzio neurriak betetzen direla zaintzeko aholkua eman diete erabiltzaileei: distantzia, maskara, higienea eta pertsona talde txikiak.
Garraio publikoari dagokionez, aglomerazioak saihestea gomendagarria da, batez ere puntako orduetan. Zentzu horretan, “denbora tarte horietan garraioaren frekuentziak eta unitateak areagotzea oso komenigarria da”, uste du LABIk.
Telelana
Azkenik, posible den enpresetan, telelana eta ordutegi malguak (sarrera eta irteera orduetan malgutasuna) sustatzeko gomendioa eman du Jaurlaritzak.