Gizartea -
EiTB Focus
EAEko herritarren % 55ek ez dituzte kutsatzea saihesteko aholku guztiak betetzen
% 35ek diote maskararen erabilera ez dutela zorrotz betetzen, eta batez beste familiako eta hileko 75 euro gastatzen dituztela. Osakidetzari 7,42ko nota jarri diote, eta Jaurlaritzari, 5,92koa.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren erdiak aitortu dute ez dituztela koronabirusaren kutsatzea saihesteko erakundeek emandako gomendio guztiak betetzen, EiTB Focusen azken inkestaren arabera.
EiTB Taldeak eskatuta, Gizaker inkesta etxeak urriaren 19tik 22ra egin zuen galdeketa, hots, bigarren alarma-egoera eta EAEko konfinamendu perimetrala indarrean sartu baino lehen. 24. EiTB Focus horretarako, 1.200 inkesta egin zituzten.
Erakundeek kutsatzeak saihesteko emandako aholkuak betetzeko mailari buruz galdetuta, inkesta erantzun dutenen % 36,3k diote "guztiz" betetzen dituztela, eta % 55,7k, berriz, "nahiko". Oso gutxi dira (% 3,8 eta % 2) gomendioak "zerbait" edo "gutxi" betetzen dituztela erantzun dutenak.
Gizartearen % 34,9ren esanetan, ez du maskara zorrotz erabiltzen, eta gehienek (% 59,8) kirurgikoa darabilte. Musukoak erosteko, hileko eta pertsonako batez besteko gastua 23 eurokoa da, eta hiru kideko familia baten hileko gastua, 75 eurokoa.
Hain justu, 10 herritarretik 6k uste dute neurri murriztaileagoak hartu beharko liratekeela, beste herrialde batzuetan egin duten bezala, eta ideia hori inkesta erantzun duten adin tarte guztietako pertsonek defendatu dute. Arestian esan bezala, alarma-egoera ezarri eta neurri murriztaileak gogortu aurretik egin zen galdeketa.
COVID-19aren eragina gizartean
Koronabirusak gure bizimodua aldatu digu, izan ere, galdetutakoen % 80k aitortu dute euren ohitura sozialak aldatu behar izan dituztela. Adin tarteei erreparatuta, 36-55 urteko pertsonei eragin die gehien.
Osasun krisiak ekarri dituen ondorio ekonomiko eta sozialen eraginez, aldarte txarragoa dute herritarrek, martxoan egindako inkestarekin alderatuz gero. Adinak zeresan handia du emandako erantzunean, izan ere, adinekoak etsiago daude. Hala, 1,1 puntuko aldea dago gazteen eta adinekoen kezka mailaren artean.
Etorkizunaz galdetuta, euskal gizartearen gehiengoak uste du urtebete eta bi urteren buruan bueltatu ahalko garela pandemia aurreko egoerara.
Erakundeen balorazioa
Pandemiaren aurrean Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egindako kudeaketa ontzat eman dute EAEko herritarrek, baina martxoko galdeketan emandako nota jaitsita. Horrela, Urkulluren exekutiboari 10etik 5,92ko nota eman diote , eta Sanchezen exekutiboari, 5,11koa.
Osakidetzak balorazio hobea jaso du; izan ere, galdetutakoek 10etik 7,42ko nota eman diote Euskal Osasun Sistemari, euskal osasun sisteman herritarrek duten konfiantzaren erakusgarri. Aipatzekoa da arrisku gehien duen adin tarteak, 65 urtetik gorakoek, nota hobea eman diotela Osakidetzari (7,65).
Era berean, herritarrentzat sinesgarritasun handiagoa dute zientzialariek eta adituek, gobernu eta erakundeek baino.
Koronabirusaren txertoari buruz ere galdetu diete herritarrei, eta agerian geratu da gehiengo zabal batek ez duela uste urte amaierarako txertorik egongo denik (konfiantza maila 10etik 1,83koa da). Horrez gain, % 61ek esan dute ez luketela berehala hartuko.
Azkenik, 10 herritarretik 8ren aburuz, baheketa masibo boluntarioak baliagarriak dira agerraldiei aurre egiteko.
Fitxa teknikoa
Gizakerrek EiTBko albistegietarako egindako inkesta EAEn bizi diren 1.200 pertsonari egin zitzaien (400, Araban; 400, Bizkaian eta 400, Gipuzkoan).
La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako. Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2020ko urriaren 19tik 22ra egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 9,69 minutukoa izan zen: motzenak 6 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 30 minutu.