Gizartea -
KORONABIRUSA
Jaurlaritzak COVID-19aren aurkako neurri berriak iragarriko ditu gaur
Goizeko lehen orduan esparru juridiko berria aztertu dute, eta une honetan LABIren bileran neurri murriztaile berriak aztertzen ari dira. Neurriak, ostera, arratsaldean iragarriko dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernuak ezarri duen alarma egoerari esker, pandemiaren garapenari "arin eta urgentziaz" erantzuteko gai izango dira, eta hori horrela, gaur bertan neurri berriak iragarriko dituzte Euskadirako. 15:30ean hasi den LABIren bilera bukatutakoan, agerraldia egingo dute neurri berri horiek iragartzeko, eta eitb.eus-ek zuzenean emango du.
08:00etan hasi da, Lehendakaritzan, Bizi Berri Planaren jarraipen batzordearen bilera eta bertan erabaki dute Espainian ezarritako alarma egoera Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) nola aplikatuko den. 08:00etako bileran, egoera berria aztertuko dute ikuspuntu juridikotik.
Hala, LABIren bileran neurri murriztaile berriak erabakiko dituzte. Etxeratze agindua zer ordutan hasiko den edota pertsonen arteko topaketak zenbatekoak izango diren zehaztuko dute. Arratsaldean, ostera, neurri horiek iragarriko dituzte.
Bigarren kutsatze oldeari aurre egiteko neurri murriztaile "sendo" eta "argiak" iragarri ditu Jonan Fernandez Biziberri Planaren jarraipen batzordeko koordinatzaileak, batzordea bildu aurretik Euskadi Irratiko "Faktoria" programan egin dioten elkarrizketan. Jonan Fernandezek aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak iragan astean onartutako neurri guztiak ahalbidetzen ditu marko berriak.
Neurri horiek ahal den "egokienak, proportzionatuenak eta orekatuenak" izango direla jakinarazi du Lehendakaritzak ohar baten bidez.
Alarma egoerak EAEko Gobernuari larrialdi egoerari azkartasunez erantzuteko behar duen "aginpidea" ematen diola adierazi dute.
"Ardura indibiduala eta kolektiboa" aldarrikatu ditu Jaurlaritzak eta neurriak ahalik eta proportzionalenak izango direla iragarri du.
Bizi Berri Planaren Batzorde Aholkularia egoera epidemiologikoa etengabe aztertzen ari dela gogorarazi dute eta alarma egoera aldarrikatu ondoren, batzordeak neurri berriak jarriko ditu, beraz, mahai gainean.
Iñigo Urkullu lehendakariak jada hitz egin omen du Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentearekin baita alderdi politiko ezberdinen buruekin ere.
Alarma egoera ezarri eta biharamunean Presidenteen Biltzarra egingo dute
Koronabirusaren bigarren olatuari aurre egiteko Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri eta biharamunean Presidenteen Biltzarra egingo dute. Bilera telematikoa izango da eta 10:00etan hasiko da.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta autonomia erkidegoetako presidenteek parte hartuko dute. Halaber, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere batzarrean parte hartuko du.
Batzarrean aztergai izango dute pandemiaren ondorioei aurre egiteko Espainiak Europar Batasuneko funtsetatik datozen urteetan jasoko dituen 140.000 milioi euroak nola banatu. Autonomia erkidegoek zeresan handia izango dute diruaren banaketan eta horregatik deitu dute gaurko Presidenteen Biltzarra.