Gizartea -
KORONABIRUSA
Belzten ari da pandemia Hego Euskal Herrian: 1.710 kasu atzeman dituzte 24 ordutan
COVID-19 olatua geldiezin dago Nafarroan: 698 kasu atzeman dituzte eta % 20,9ra igo da positibitate tasa. Araban 99 kasu atzeman dituzte, 443 Bizkaian eta 459 Gipuzkoan. EAEn % 9,1era igo da tasa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
1.012 COVID-19 kasu positibo berri atzeman dituzte larunbat honetan Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, aurreko egunean baino 200 gutxiago. Hala ere, 2.800 proba gutxiago ere egin dituzte. Hala, positibotasun tasa % 9,1era igo da.
Osasun Sailak jakitera eman dituen datuen arabera, larunbatean 11.088 proba egin ziren PCR eta antigenoen artean (aurreko egunean 13.895), eta egindako probekin alderatuta, positiboen ehunekoa % 8,72tik % 9,1era igo da.
Gipuzkoa da kutsatze berri gehien izan dituen lurraldea: 459, aurreko eguneko 620 positiboen azpitik. Bizkaian 443 positibo berri antzeman dituzte, aurreko eguneko 452ak baino gutxiago eta Araban 99, aurreko eguneko 136en azpitik. Beste 11 kasu Euskaditik kanpo bizi diren pertsonei dagozkie.
EAEko ospitaleetan 36 pertsona ospitaleratu dituzte plantan azken 24 orduetan, aurreko egunean baino 25 gutxiago, eta 74 gaixo ZIUn daude COVID-a dela eta, hiru gehiago.
Herrietako datuak ez dituzte astelehenera arte eguneratuko.
Nafarroako Foru Erkidegoan 698 COVID-19 kasu berri atzeman dituzte larunbat honetan, inoiz izan den positibo kopururik handiena. Izan ere, gertu izan arren, orain arte sekula ez ziren egun bakarrean 600 kasu baino gehiago atzeman.
Nafarroako Gobernuko Osasun Sailetik jakitera eman dutenez, 3.332 proba egin zituzten atzo, PCR eta antigeno testen artean, aurreko egunean baino 500 gutxiago, baina positibotasun tasa % 20,9ra igo da, inoiz ikusi ez den mailara.
Atzo, Nafarroako ospitaleetan 22 lagun ospitaleratu zituzten, horietako bi ZIUn. Halaber, 74 urteko gizon eta emakume bana hil ziren COVID-19aren ondorioz. Beraz, pandemia hasi zenetik 674 pertsona hil dira jada Nafarroan.
Eremuka, Iruñean eta eskualdean atzeman zituzten kasuen % 57, Tutera inguruan % 18, eta Lizarraldean % 7. Gainerako positiboak ( % 18) Nafarroako beste eremu batzuetan banatuta daude.
Adin banaketari dagokionez, positibo berri gehienak 45 eta 59 urte artekoak izan dira (% 24). Jarraian, 15-29 urtekoak daude (% 23); ondoren, 30-44 urtekoak (% 17); 15 urtetik beherakoak (% 16); 60 eta 75 urte bitartekoak (% 14); eta, azkenik, 75 urtetik gorakoak (% 6).
Gaur egun 389 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 22 gehiago), horietako 44 ZIUan (atzo baino hiru gehiago).
Bizkaiak probak egingo dizkie 15 egoitzatako langile eta bisitariei
Bizkaiko Foru Aldundiak "prebentziozko baheketa" egingo du datorren astean Galdakaoko, Arrigorriagako, Ugao-Miraballesko eta Urduñako adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako 15 zentro soziosanitariotan, eta PCR probak egingo dizkiete zentro horietako langileei eta bisitariei. Azken bi egunetan jaitsi egin da COVID-19ak jota daudenen kopurua zaharren egoitzetan.
Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, azken orduetan COVID-19arekin ez da zentro horietako erabiltzailerik hil. Joan den ostiralean jakinarazi zituzten azken hiru heriotzak, eta, ondorioz, 79 adineko hil dira zentro horietan pandemiaren bigarren boladan.
Azken bi egunetan 58ra jaitsi da (7 gutxiago) COVID-19arekin dauden erabiltzaileen kopurua. 12 erabiltzaile daude ospitaleratuta, hau da, Aldundiaren aurreko txostenean baino 2 gehiago.
Positibo eman duten egoitzetako langileen kopuruak ere gora egin du: 82 dira orain (duela bi egun baino 2 gehiago), eta koronabirusaren baieztapenik gabeko isolamenduko langileak 60 dira (beste 2 gehiago).
Sei zentrotan daude positiboak: Aitzea-Gamiz-Fika (20), Leioa-IFAS (18), Aspaldiko-Portugalete (14), Zorrozgoiti-Bilbo (3), Anai Cantero II-Bilbo (2) eta Anai Cantero III-Bilbo (1).
Gainera, Birjinetxeko unitate soziosanitarioan 56 gaixo daude (duela bi egun baino 1 gehiago). Horietatik 39 egoutza sarearen erabiltzaileak dira, eta beste 17ak, berriz, zaurgarritasun-egoeran daude eta berrogeialdia egiten ari dira ospitaleratu ondoren.
Beste heriotza batekin 35ra igo da biktima kopurua Gipuzkoan
Pertsona bat hil da azken orduotan Donostiako Berra zentroan, koronabirusaren pandemiaren bigarren olatuan Gipuzkoako egoitza sarean hil den 35.a.
Gipuzkoako Foru Aldundiak igande honetan jakitera eman duenez, erabiltzaile batek gaixotasuna gainditu du Hernaniko Maria Magdalena egoitzan, eta ostiraletik aurrera lurraldeko egoitza-sarean kasu positiborik ez da izan.
Gaur egun, Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean 71 kasu positibo daude COVID-19arekin, eta zortzi egoitzatan banatzen dira: Hernaniko Santa Maria Magdalena (1), Bergarako Mizpirualde (4), Zumarragako Argixao (10) eta Donostiako Alai-Etxe (26), La Paz (1), Berra (8) eta Lamourous (20).
Guztira, zazpi pertsonak behar dute ospitale-arreta, eta beste 49 erreferentziazko bi zentroetara bideratu dituzte: Eibarko Ospitaleko gizarte-zentrora eta Ordiziako San Josera.
Bigarren olatuaren lehen positiboak zenbatu zituztenetik, abuztuaren 11tik, 35 pertsona hil dira eta 83k gainditu dute gaixotasuna.