Gizartea -
Koronabirusa
Fiskaltzak begi onez jo ditu EAErako onartutako neurri murriztaile berriak
Datorren asteburutik aurrera egon litezke indarrean neurri horiek. Aurretik, baina, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEn koronabirusaren pandemiak azken egunetan izan duen bilakaera kontuan izanda, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak begi onez jo du sei pertsonatik gorako bilerak debekatzea. Horixe da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapena eteteko proposatutako neurri murriztaileetako bat.
Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak azaldu duenez, Ministerio Publikoak onartu egin du Jaurlaritzaren proposamena "neurrikoa eta gaur egungo egoerara egokitua" delako, eta horixe adierazi du astearte honetan Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzien salari bidalitako txostenean. Idatzi horren arabera, gehienez sei pertsonako bilerak onartuko dira EAEn. Datu epidemiologikoen bilakaerak bultzatuta onartu dituzte neurri berriak.
Jaurlaritzak, bere aldetik, atzo bidali zion Justizia Auzitegiari Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren agindua, eta Fiskaltzak 24 orduko epea agortu aurretik eman dio erantzuna. Gaurtik aurrera, Administrazio Auzien presidente Luis Angel Garridok bi egun ditu bilera deitu eta aipatutako neurriei buruzko autoa aurkezteko. Beraz, ostegunean emango dute erabakiaren berri.
Behin agindua onartuta, litekeena da neurriak datorren asteburuan sartzea indarrean. Aurretik, baina, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dituzte.
Esan bezala, sei pertsonatik gorako bilerak debekatuko dituzte, eta ostalaritza establezimenduek (terrazek salbu) ezingo dute % 50eko edukiera gainditu, ezta kultur eta erlijio ekitaldiek ere.
Gainera, taberna eta jatetxeak 00:00etan itxiko dituzte, orain baino ordubete lehenago, eta galarazita egongo da txoko eta elkarteetan batzea.
Bukatzeko, inolaz ere ezingo dira toki itxietan 400 pertsona baino gehiago bildu, eta leku irekietan ezingo da 600 laguneko muga gainditu. Jolastokiak eta lorategiak 23:00etan zarratuko dituzte.