Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroa konfinatzeko eta taberna guztiak ixteko agindua eman du Chivitek
Horrez gain, dendak 21:00etarako itxita egon beharko dira, eta ordu horretatik aurrera ezingo da kultur eta kirol jarduerarik egin.
EITB.EUS
Koronabirusaren hedapena gelditzeko asmoz, Nafarroa konfinatzeko eta taberna guztiak ixteko erabakia hartu dutela jakinarazi du astelehen honetan Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak.
Neurri berriak ostegun honetan sartuko dira indarrean eta gutxienez 15 eguneko iraupena izango dute. Denbora tarte horretan Nafarroan sartzea edo irtetea galarazita egongo da, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira.
Arratsalde honetan egin duen ezohiko agerraldian, Chivitek onartu du "neurri gogorrak" direla, baina osasun-egoera larria dela kontuan hartuta eta datuak kezkagarriak direla ikusita, "nahiago izan dugu neurriak berandu baino lehen hartzea eta osasun-sistemaren kolapsatzea saihestea".
Konfinamendu perimetralaz eta ostalaritzaren itxieraz gain, beste hainbat neurri ere hartu Nafarroako Gobernuak. Hala, ia establezimendu guztiak, denda txikiak nahiz saltoki handiak, 21:00etarako itxita egon behar dira.
Halaber, ezingo da kultur eta kirol jarduerarik egin ordu horretatik aurrera.
Garraio publikoan, edukiera erdira murriztuko dute. Eta eremu pribatuan, familia edo bizikidetza unitate bereko kideak soilik elkartu ahalko dira, bakarrik bizi diren edo laguntza behar duten pertsonen kasuan izan ezik.
Osasun zerbitzuaren kolapsoa saihesteko helburua
Chivitek azpimarratu duenez, Nafarroa da "proba gehien egiten dituen erkidegoa, kasuen trazabilitate handia eta datuen fidagarritasun oso ona duena", baina egoera "kezkagarria da azken asteetatik" eta zifrak "oso altuak" dira.
Horrela, bada, eta "osasun sistema kolapsatzea ekiditeko", neurri murriztaile berrik hartzea erabaki dutela esan du, osasun zentro eta erietxeetan COVID-19arekin lotuta ez daude pazienteak artatzen jarraitu ahal izateko.
"Arinago egin behar dugu aurrera, kutsatzea geldiarazteko", azpimarratu du. Eta ohartarazi du arriskurik handienak "aisialdian eta familia eta lagun arteko topaketetan" daudela.
Chivitek erantsi du badakiela gizartea "nekatuta" dagoela, "pandemia luzea eta gogorra" izaten ari delako. "Baina birusa geldiarazteko ezinbesteko da jarduera ahalik eta gehien gelditzea eta prebentzio eta higiene neurriak zorrotz betetzea", ziurtatu du.
"Biziak salbatzen dituzten neurriez ari gara eta betetzen baditugu eraginkorrak izango dira eta bigarren olatua gainditzeko urratsa emango dugu", nabarmendu du.
Edonola ere, egoerak eskatuta aurrerantzean neurri gehiago hartu beharko balira, hala egingo dutela esan du.