Gizartea -
Koronabirusa
Hegoaldeko hiri handiek ez dituzte konfinatuta egoteko baldintzak betetzen
Hego Euskal Herriko bost hiritan daude 100.000 biztanle baino gehiago, baina koronabirusaren hedapena ez da Espainiako Gobernuaren irizpideetan aurreikusitakoa bezain handia.
eitb.eus
Hiriak konfinatzeko xedez Espainiako Gobernuak Estatu osoan ezarriko dituen irizpideek ez lukete eraginik izango une honetan Hego Euskal Herrian, koronabirusaren hedapena ez baita baldintza horietan aurreikusitakoa bezain handia.
Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak eta erkidegoek honako baldintza hauek adostu dituzte, 100.000tik gorako hiriak konfinatzeko: 100.000 biztanleko 500 kasu positibo ematea, positiboen tasa % 10etik gorakoa izatea eta Zaintza Intentsiboko Unitateen % 35 beteta egotea.
Hego Euskal Herrian, bost hiritan daude 100.000 biztanle baino gehiago (Bilbo, Donostia, Gasteiz, Barakaldo eta Iruñea), baina une honetan ez dituzte betetzen gainerako irizpideak konfinamenduak abiatzeko.
Oraingoz, egoera okerrena Iruñean bizi dute, eta, beraz, konfinatzeko arrisku gehien duen hiria da, baina azken datuek arnasa eman diote. Izan ere, azken 14 egunetan, 370 kasu positibo eman dira 100.000 biztanleko, 500eko mugatik urrun.
Nafarroan, gainera, kasu positiboen portzentajea % 8,8koa da, eta zainketa berezien gelak euren ahalmenaren % 22,5ean daude.
Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, % 10 daude beteta zainketa berezien gelak, eta positiboen tasa % 4,4koa da.
Hirietan COVID-19ak duen hedapenari dagokionez, Gasteizen 360 kasu positibo zenbatu dituzte azken 14 egunetan 100.000 biztanleko; Barakaldon, 313; Bilbon, 260; eta, Donostian, 252.