Gizartea -

KORONABIRUSA

Zehaztu da eskoletara itzultzeko plana Nafarroan eta Iparraldean; ez, ordea, EAEn

Irailaren 1ean ekingo zaio 2020-2021 ikasturteari Ipar Euskal Herrian, 4an Nafarroan eta 7an Euskal Autonomia Erkidegoan.

Sarrera-irteeretan pilaketarik ez gertatzeko neurriak hartuko dituzte eskolek.
Sarrera-irteeretan pilaketarik ez gertatzeko neurriak hartuko dituzte eskolek.
Sarrera-irteeretan pilaketarik ez gertatzeko neurriak hartuko dituzte eskolek.

EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020-2021 ikasturteari nola ekingo zaion zehaztu du Nafarroako Gobernuak: goizez soilik emango dira eskolak, ordutegi jarraitua izango dute ikasleek (9:00etatik 14:30era), jangela zerbitzuari eutsiko zaio eta ez da eskolaz kanpoko jarduerarik egingo ikastetxeetan.

Egoera berriari aurre egiteko,  Haur Hezkuntzan 20ra jaitsi da gela bakoitzeko gehieneko haur kopurua eta aurreikusitakoa baino 666 irakasle gehiago kontratatuko ditu Nafarroako Hezkuntza Sailak. Era berean, jantokietarako 183 zaintzaile gehiago izatea eta ikastetxeetan "garbiketa-zerbitzua nabarmen indartzea" aurreikusten da.

Ikasgela batean positiboren bat atzemanez gero, bi protokolo iragarri dituzte Hezkuntza zein Osasun Departamentutik: Lehen Hezkuntzako 4. mailatik behera, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango ez denez, ikasgela bakoitzeko 20 haurrak kontaktu zuzentzat hartuko dira eta jarraipen bat egingo zaie haurren bat kutsatuta dagoela susmatzen bada. Hala ere, ume horri PCR proba egin eta birusa duena baieztatu arte ikaskideek ez dute konfinatu beharko. Positibo emanez gero, aldiz, bai, eta hamar eguneko konfinamendua egin beharko dute kontaktu zuzenak diren heinean.

Lehen Hezkuntzako 5.mailatik gora, maskara derrigorrezkoa izango da eta gelakideak ez dira kontaktu zuzentzat hartuko. Beraz, ikasle batek positibo eman arren, gelakideek ez dute itxialdia egin beharko.

Irakasleek maskara jantzi beharko dute kasu guztietan, eta ez dira kontaktu zuzentzat hartuko.

Covid-19ak ekar dezakeen eskenatoki aldakorraren baitan, hezkuntza protokoloa egoeraren arabera egokitzeko prest agertu da Nafarroako Gobernua. Foru Erkidegoko sindikatu eta hezkuntza eragileek esan dute neurriak norabide onean doazela, baina ez direla nahikoa.

11 urtetik gorako ikasleentzat maskara derrigor Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino egun batzuk lehenago, irailaren 1ean hasiko da ikasturtea.

11 urtetik gorako ikasleek "leku itxietan eta kanpokoetan" maskara eraman beharko dute, "baita ikasgelan ere, metro bateko distantzia bermatu ezin denean eta bata bestearen aurrean edo bestearen ondoan daudenean", Frantziako Hezkuntza Ministerioaren protokolo berriaren arabera.

Eskolaurreko irakasleek ez dute maskara eraman beharrik izango eskolak ematen ari direnean. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleek, berriz, maskara jantzi beharko dute ikasleekin gutxienez metro bateko tartea mantendu ezin dutenean.

Taldeak elkarren artean ahal den gutxien nahasteko aholkatu du Ministerioak eta sarrerak eta irteerak mailakatzea ere bai, ikasleen edo gurasoen kontzentrazioak ahalik eta gehien saihesteko.

Planik ez da oraindik Euskal Autonomia Erkidegoan

Eusko Jaurlaritza lantzen ari da oraindik eskoletarako itzulera plana: aurrez aurreko eskolekin ekin nahi zaio ikasturteari irailaren 7an, eta gelak ahal den neurrian "zatikatzea" edo mugatzea aipatu zuen atzo Nekane Murga Osasun Sailburuak.

Ikasturtea hastean ikastetxeen jarduteko protokoloari buruz galdetuta, sailburuak azaldu zuen oraindik jarraibideen diseinuan lanean ari direla, ikasleen adinera egokituko direlako. Sailburuaren arabera "ikasgelen barruko harremanak mugatzean" alde egingo da, positiboren bat izanez gero guztiak etxera bidali behar izatea saihesteko.

Murgak berretsi zuen, halaber, hezkuntzako langileei egingo zaizkien PCR probak ez direla orokortuak izango, baizik eta transmisio arrisku handiena duten pertsonei egingo zaizkiela.

Eskolak hasteko bi asteren faltan, plan zehatzik ez edukitzeak kezka eragin du HEIZE euskal eskola publikoko zuzendari elkartean. Argi dute aurrez aurreko eskoletara itzultzea lehenetsi behar dela, baina horretarako hezkuntza eragileekin harremanak sendotu eta lidergoa hartzea eskatu diote Jaurlaritzari.

Kritikoago agertu da ELA sindikatua, "udan lanik egin ez" eta "pisu guztia ikastetxeen gain" utzi nahi izatea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Eusko Jaurlaritza berriak Iparraldea EAE Greba Euskal eskola publikoan Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak Hezkuntza Osasun albisteak Sindikatuak Espainian Koronabirusa olatu berria Maskarak gaur