Gizartea -
Zaldibar
Objektu pertsonalak aurkitu dituzte Zaldibarren, gorpuzkiak topatu zituzten tokian
08:30ean ekin diote berriro desagertutako beharginen bilaketari, baskularen inguruan, han aurkitu baitituzte gorpuzkiak. Objektu horiek bi langileetako batenak diren aztertzen ari dira.
Agentziak | Erredakzioa
Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian bilaketa lanetan ari diren erreskate taldeek objektu pertsonal batzuk aurkitu zituzten atzo, astelehena, hezur gehiago aurkitu zituzten tokian. Hori dela eta, duela sei hilabete baino gehiago inguruan desagertu ziren bi langileetako batenak diren edo ez aztertzen ari dira orain.
Hain zuzen ere, argazki kamera bat, erloju bat, eguzkitako betaurreko batzuk eta giltzarrapo bat aurkitu dituzte, ikerketako iturriek astearte honetan jakinarazi dutenez.
Erreskate taldeek igandean topatu zituzten lehen gorpuzkiak, oihal batean bildutako giza-hezur bat, baskularen inguruan. Zehazki, 250.000 metro kubiko zabor mugitu ostean topatu zuten, lur azpian 23 metrora (zortzi solairuko etxe baten altueran).
Atzo, astelehena, hezur gehiago aurkitu zituzten, gorpu batenak diruditenak. Ondoan, argazki kamera bat, erloju bat, eguzkitako betaurreko batzuk eta giltzarrapo bat zeuden.
Orain, objektu horiek otsailaren 6an zabortegian izandako luizian desagertutako bi langileetako batenak diren edo ez aztertzen ari dira.
Gauzak horrela, Alberto Sololuce eta Joaquin Beltranen senideei DNA probak egingo zaizkie, baina egun batzuk beharko dira emaitzak ezagutzeko.
08:30ean ekin diote berriro desagertutako beharginen bilaketari, baskularen inguruan, han aurkitu baitituzte gorpuzkiak.