Gizartea -

COVID-19

123 eta 63 positibo gehiago atzeman dituzte Euskadin eta Nafarroan azken 24 orduetan

EAEn, 66 izan dira Bizkaian, 40 Gipuzkoan, eta 17 Araban. Foru Erkidegoari dagokionez, atzemandakoetatik sei kutsatu Mendillorriko agerraldikoak dira.

COVID-19aren laginen irudietako bat. Argazkia: EFE
COVID-19aren laginen irudietako bat
Aisialdia murriztuko dute Nafarroan eta EAEn, koronabirus agerraldiak ugaritu direlako

1:34

AGENCAGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

123 positibo gehiago atzeman dituzte azken orduetan EAEn, PCR proben bidez, aurreko egunean baino 13 kasu gutxiago. Lurraldeka, 66 izan dira Bizkaian, 40 Gipuzkoan, eta gainerako 17ak, berriz, Araban.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez, azken 24 orduetan 4.206 PCR proba egin dituzte, eta horietatik 123 positibo izan dira.

Ospitaleratzeak, udalerrietako kasuak eta R0 indizea astelehenean eguneratuko dira, Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Nafarroa

Nafarroako Osasun Publikorako eta Lan Osasunerako Institutuak baieztatu duenez, ostiral honetan 63 kasu positibo berri atzeman dituzte Foru Erkidegoan. Horietatik sei Mendillorriko agerraldikoak dira; bat, Tuterakoa; eta beste bat, Iruñerrikoa. Beste zazpi Nafarroako Erdialdean atzeman dituzte; eta Iruñean lau, familiartean eta lagunartean kutsatutakoak, alegia.

Osasun Publikoko teknikariek baieztatu dutenez, kutsatuen batezbesteko adina igo da. Dena dela, kutsatuen erdiak 30 urte baino gutxiago du.

Ospitaleratuei dagokienez, COVID-19a duen pertsona bat ospitaleratu dute Nafarroako Erietxean.

"Bigarren olatuaen hasieran"

COVID-19an positibo eman duten pertsonen kopuruak gora egin du azken egunetan. Hori ikusita, pandemiaren "bigarren olatu hasieran egon gaitezke", ohartarazi du ostiral honetan Nekane Murga Osasun sailburuak. Bestalde, Eusko Jaurlaritza gaueko aisialdia arautzeko lanean ari dela jakitera eman du agintariak.

Kasuen kopuruak gora egitea "aukera bat" zela azaldu du Osasun sailburuak Ser irratian, baina "birusa pertsonen artean izaten ari den transmisio esanguratsuak harritu gaitu", onartu duenez.

EAEn, Nafarroan, Aragoin eta Katalunian daude kutsatze gehien

EAE, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia dira azken bi asteetan COVID-19 kasu gehien izan dituzten autonomia erkidegoak, eta senitartekoen arteko topaketetan eman dira kutsatze gehienak; % 25, hain zuzen.

Diagnostikatu berri dituzten kasuei dagokienez, kutsatze maila oso baxua dute. Estatuko batezbestekoak erakusten du positibo bakoitzeko hiru kontaktu identifikatzen dituztela.

Dena dela, autonomia erkidego batetik bestera alde handia dago. Kanarietan, esaterako, 10 dira kutsatutako pertsona bakoitzeko identifikatzen dituzten kontaktuak. Nafarroan, Andaluzian eta Extremaduran, aldiz, 5.

Are txikiagoa da EAEko, Aragoiko, Asturiasko, Gaztela Leongo eta Madrilgo kopurua (3). Murtzian, Galizian eta Valentzian, berriz, 4 kontaktu detektatu dituzte kutsatu bakoitzeko. Balear Uharteak ez du horri buruzko daturik eman, ezta Kantabriak ere.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea Nafarroako Osasun Zerbitzua