Gizartea -

Euskal Unibertsitateak

Euskal unibertsitateetako ikasleen kopuruak gora egin du 2018/19 ikasturtean

Guztira 12.993 gaztek amaitu zituzten ikasketak iaz, eta horietatik 9.316k graduatu titulua jaso zuten.

EHU. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
EHU
EHU. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eustatek landutako datuen arabera, 2018/19 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitateek 67.374 ikasle izan dituzte guztira; hau da, aurreko ikasturtean baino % 0,9 gehiago. Bigarren urtez jarraian egin du gora matrikulakopuruak. Graduko ikasleak ikasle guztien % 84 izan dira, eta % 0,5eko igoera izan du, aurreko ikasturtearen aldean. Gainerako % 16a graduondoko ikasketetan (master ofizialak eta doktoregoak) matrikulatu da; % 1eko eta % 6,5eko gorakadak izan dituzte, hurrenez hurren.

Unibertsitate publikoak unibertsitateko ikasleen % 72 du; azken zortzi urteotan, ehuneko 7 puntu galdu ditu. Graduko ikasketetan, ehunekoa bera izan da (% 72). Masterrak egiten dituzten ikasleen ehunekoa % 62ra jaitsi da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren doktoregoen kasuan, berriz, % 87ra igo da.

Ikasketak egiteko lurraldeari dagokionez, ikasleen % 59k Bizkaiko unibertsitateetan egin dituzte ikasketak, % 29k Gipuzkoako unibertsitateetan eta % 12k Arabakoetan.

Emakumeen kopurua handiagoa da graduko ikasketetan; ehuneko 9 puntuko desberdintasuna dago gizonen aldean. Nabarmentzekoa da 18 eta 21 urte bitarteko ikasleen kasuan emakumeen kopurua gizonena baino ehuneko 11 eta 14 puntu bitartean handiagoa dela; hala ere, geroago bi sexuen kopurua parekatu egiten da. Doktoregoak direla eta, emakumeek duten aldea txikiagoa da (3 puntukoa), eta masterretan, berriz, bi sexuen kopurua parekatuta dago. 

Eskolatze-tasa

Datuek jasotzen dutenez, 18 urteko gazteetan, EAEn, unibertsitate-ikasketei lotutako eskolatze-tasa, autonomia-erkidegoen artean alderatuta, % 44koa da; zerrendako bigarren erkidegoa da, Madrilen atzetik (% 52), Estatuko batezbestekoa baino ehuneko 11 puntu gehiagorekin.

22 urteko ikasleetan, unibertsitateko ikasleen proportzioa %36koa da, eta tasarik handiena duen hirugarren autonomia-erkidegoa da, Madrilen (% 52) eta Gaztela eta Leonen atzetik (% 39). 24 urteko ikasleen kasuan, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko ehunekoa % 17 da, hau da, Estatuko batezbestekoa baino pixka bat baxuagoa. 

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateren batean graduko ikasketetan matrikulatuta dauden 56.845 gazteetatik, erdiak honako ikasketa hauetako batean matrikulatu dira: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza (5.683), Lehen Hezkuntza (4.007), Zuzenbidea (3.508), Psikologia (2.766), Haur Hezkuntza (2.140), Ingeniaritza Mekanikoa (2.138), Medikuntza (1.840), Erizaintza (1.492), Gizarte Hezkuntza (1.489), Industria Teknologiaren Ingeniaritza (1.431), Gizarte Lana (1.338) eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza (1.256).

Generoak erabakigarria izaten jarraitzen du unibertsitate-ikasketak aukeratzeko orduan; titulazioen % 36an emakumeak dira gehiengoa, beste % 39an gizonak dira gehiengoa, eta titulazioen % 25ean baino ez dago orekatuta bi sexuen kopurua.

Nabarmentzekoak dira emakumeen % 80ko ehunekoa baino handiagoa duten gradu batzuk: Haur Hezkuntza, Pedagogia, Erizaintza, Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketa, Itzulpengintza eta Interpretazioa eta Kultura Ondareen Kontserbazioa eta Zaharberritzea.

Aldiz, Ikasleen laurden bat baino gutxiago emakumeak dituzten titulazio guztiak ingeniaritzaarlokoak dira. Gainera, lau titulaziotan gizonen presentzia % 90etik gorakoa da, honako hauetan: Itsas Ingeniaritza, Komunikazioen Ingeniaritza elektronikoa, Ingeniaritza Mekatronikoa eta Automobilgintza Ingeniaritza. Azkenik, parekotasunik handieneko graduak honako hauek izan dira: Matematika, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ingurumen Zientziak, Arkitektura Teknikoa eta Kimika Ingeniaritza. 

2019an ikasketak amaitu zituzten 12.993 gazteetatik 9.316k graduatu-titulua jaso zuten, 3.219k master ofizialeko titulua eta 458k doktoretza. Aurreko ikasturtearekin alderatuta aldaketa txikia izan zen gradu eta masterretan, baina gainditutako doktorego-tesien kopurua % 25 handitu zen.

Gizarte zientzien eta zientzia juridikoen adarrak ikasitako pertsonen erdiak hartu zituen, eta osasun-zientzien eta -zientzien adarretako tituluak izan ziren gutxien agertu zirenak, % 6 eta % 7, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Eustat gaur