Gizartea -

KORONABIRUSA

35 kasu zenbatu dituzte Ordizian, horietako lehena Lleidatik etorritako pertsona bat

Hiru tabernetako langileek negatibo eman dute probetan. Atzo egindako testetan 19 positibo izan dira. Bestalde, Nafarroan hiru kasu berri izan dira azken orduetan.

Koronabirusaren probak Ordizian. Irudia: EFE
Koronabirusaren probak Ordizian
Orain arte egindako probetan 35 kasu baieztatu dituzte guztira Ordizian

1:33

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan Ordizian atzemandako agerraldian 35 positibo zenbatu dituzte dagoeneko, horietatik 19 atzo egindako PCR probetan. Agerraldi horretako lehen positiboa Lleidatik etorritako pertsona batek eman du.

Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, atzotik 1.700 proba egin dituzte Ordizian eta 19 positibo izan dira. Alabaina, oraindik beste 700 analisiren emaitzak ezagutarazteko daude eta bihar test gehiago egingo dituzte.

Aldi berean, herritarren laguntza eskertu du, eta ekainaren 27tik Etxezarreta kaleko ostalaritza-establezimenduren batean egon diren pertsona guztiek beren osasun-zentroarekin harremanetan jarri behar dutela gogorarazi du. Proba egin zaien pertsona guztiei Osasun Sailak SMS bidez jakinaraziko die emaitza.

Herriko lau taberna itxi dituzte, modu prebentiboan, tabernariek PCR probetan positibo eman dutela jakin ostean.

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu zuenez, ostalaritzako establezimendu horietako ohiko bezeroek eta langileek lehentasuna dute; izan ere, kaleetan ibili baina tabernetan sartu ez direnek ez dute arriskurik. Alkateak gaur adierazi duenez, "450 hitzordu daude programatuta PCR probak egiteko".

Fernando Simon Espainiako Gobernuaren Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak argitu zuenez, Ordiziako agerraldia "beste autonomia-erkidego batetik inportatutako kasuekin" hasi zen, eta "familia-komunitate" bihurtu da.

Simonen hitzetan, Euskadi "oso irmo ari da jokatzen, agerraldiaren inguruan proba gehiago egiteko interesarekin".

Covid-19aren datu eguneratuak EAEn

PCR bidez atzo baieztatutako positibo berriak 19 dira. Lurraldeka, bat ere ez Araban, lau Bizkaian eta hamabost Gipuzkoan. Atzoko egunean ez zen heriotzarik izan.

50 dira atzo "test azkar" bidez antzemandako kasu berriak. Proba horrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.

Guztira, 3.317 proba egin ziren (2.616 PCR eta 701 test azkar).

Gainera, atzoko egunean sendatutako 21 pertsona erregistratu ziren (PCR negatiboarekin duela egun batzuk gaixotasuna hartu ondoren), eta 7 lagunek ospitaleko alta jaso zuten.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 6 pertsona daude ZIUn.

Pandemiaren egoera Nafarroan

Nafarroako Foru Erkidegoak hiru kasu berri zenbatu ditu azken orduetan, baina ez da ospitaleratzerik izan, ezta heriotzarik ere, Nafarroako Osasun Sailak jakitera eman duenez.

Datu horiekin, Nafarroan 22 egunez jarraian ez da heriotzarik izan, eta pandemia hasi zenetik lau hilabete baino gehiago igaro direnean 528 pertsona hil dira.

Azken egunean PCR proben bidez baieztatu dituzten positiboen arabera, guztira 5.488 gaixo izan dira pandemia hasi zenetik.

Kutsaduraren gorakada, Espainian

24 ordutan hautemandako koronabirus-kutsatze berrien kopurua ehundik gorakoa izan da berriz ere, eta astearte honetan 124ra igo dira, atzo 78 izan ziren bitartean; azken astean 9 izan dira hildakoak, guztira 28.392 (astelehenean baino lau gehiago).

Osasun Ministerioaren datuen arabera, hiru erkidegok kutsatze berrien bi heren bildu dituzte, tartean Katalunia (36), Aragoi (26) eta Madril (22).

Salvador Illak zuzentzen duen Sailak argitaratu duen azken txostenaren arabera, 1.351 pertsonak hasi dituzte COVID-19aren sintomak azken bi asteetan, eta horietatik 387 azken zazpi egunetan.

Gainera, 11.706 pertsona Zainketa Intentsiboetako Unitate batean ospitaleratu dituzte, 7 azken 7 egunetan; eta 125.616 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, 157 azken astean.

Guztira, Andaluzian 13.275 pertsona (11 azken 24 orduetan) diagnostikatu dituzte COVID-19arekin; Aragoin, 6.519 (26 berri); Asturiasen, 2.435; Balear Uharteetan, 2.239; Kanarietan, guztira, 2.443 pertsona (astelehenean baino bat gehiago) positibo eman dute PCR proban; Kantabrian, 2.368; Gaztela-Mantxan, 18.291 (sei berri).

Katalunian 62.943 kasu (36 berri) zenbatu dituzte; Ceutan, 163; Valentziako Erkidegoan, 11.685 (8 berri); Extremaduran, 3.066 (astelehenean baino bi gehiago); Galizian, 9.336 (bi gehiago); Madrilen, 72.336 (22 berri); Melillan, 126 kasu; Murtzian, 1.709 (bi gehiago); Nafarroan, 5.486 (bi berri); Euskal Autonomia Erkidegoan, 5.486 (bi); eta, Errioxan, 4.078.

*OHARRA*:

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzea, baina ospitaleratuta egon behar ez izatea.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Ordizia Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa