Gizartea -

KORONABIRUSA

Bi hildako eta 15 positibo gehiago zenbatu dituzte Euskadin azken orduetan

Araban bost positibo gehiago atzeman dira azken orduetan, Bizkaian beste bost eta Gipuzkoan beste horrenbeste. Guztira, 3.603 proba egin zituzten atzo EAEn (3.133 PCR eta 470 test azkar).

Bilbo, alarma-egoera indarrean zegoela. Argazkia: EFE
Bilbo, alarma-egoera indarrean zegoela.
Bilbo, alarma-egoera indarrean zegoela. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, bi pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.615 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, 15 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan emandako datuen arabera (astearteko 24:00ak arte bildutakoak).

Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,93). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 0,75ekoa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, 0,9koa.

Horrela, datuek zertxobait okerrera egin dute atzo zabaldutakoekin alderatuta. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 3.603 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3.133 PCR eta 470 test serologiko.

Azken orduetan, 15 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.752 guztira) eta 34 test serologikoen bidez (7.254), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 21.006 kasu baieztatu dira orain arte.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan bost kasu baieztatu dituzte Gipuzkoan, pandemia hasi zenetik kasu gutxien atzeman dituen lurraldean (2.320); Araban, beste bost kasu baieztatu dituzte azken orduetan (3.353 guztira); eta Bizkaian gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan bost positibo gehiago atzeman dituzte. Hain zuzen, lurralde horretan detektatu dituzte orain arte positibo gehien PCR proben bidez (7.914 guztira).

Hala, Gipuzkoan baieztatutako kasuei dagokienez, Donostian (bat), Irunen (hiru) eta Errenterian (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman dutenak. Araban baieztatutako kasuei dagokienez, Gasteizen (bost) atzeman dituzte positibo berriak. Bizkaian, berriz, Barakaldon (bat), Basaurin (bat), Bilbon (bat), Durangon (bat) eta Loiun (bat) baieztatu dituzte azken kasuak.

Horrez gain, 165 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan, baina horietako bat ere ez azken egunetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, 292.304 PCR proba eta 130.914 test azkar egin zaizkie Euskadin 245.132 pertsonari (herritar askori behin baino gehiagotan egin diete proba).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, hamar pertsonak jaso dute alta ospitalean azken 24 orduetan; guztira 4.326 gaixok jaso dute (% 20,6). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 28 gehiago dira; 13.815 guztira (% 65,8).

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruari dagokionez, ez dago aldaketarik atzo zabaldutako datuekin alderatuta. Horrela, egun COVID-19ak erasandako sei pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.

Orain arte, guztira 1.615 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Azken orduetan, bi pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren arabera, 188 pertsona daude ospitaleratuta (182 gela arruntetan eta sei ZIUetan).

*OHARRA*:

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa