Gizartea -
COVID-19
Mugak ixtearen eragina ezagutzeko inkesta egingo du euroeskualdeak
Inkesta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen webgunean dago, eta igandea da betetzeko azken eguna. Galdetegiaren emaitzak ekaina bukaeran edo uztaila hasieran aurkeztuko dira.
Agentzia | Erredakzioa
Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak inkesta bat egingo du COVID-19aren krisiak eragindako egoerak mugaz gaindiko proiektuak eta harremanak zein mailatan eragin dituen ezagutzeko. Inkesta euroeskualdearen webgunean dago, eta igandea da betetzeko azken eguna.
Galdetegiaren emaitzak ekaina bukaeran edo uztaila hasieran aurkeztuko dira, "abian diren proiektu multzoak lehenbailehen berpizteko eta mugaren itxierak hiritarrengan eta eragileengan izan dituen kalteak ahalik eta gehien murrizteko txosten bat argitaratuz", Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken bost urteetan, euroeskualdeak bere jardueraren "hazkunde nabarmena" izan du, lurraldeon arteko arlo ezberdinetako proiektu eta elkarlanak ugaritu baitira, besteak beste, hezkuntzan, berrikuntzan, ikerketan, mugikortasun eta garraioan, enpleguan, kulturan, kirolean edo laborantzan.
"Izan ere, hiru lurraldeen arteko proiektuetan parte hartu duten erakunde eta bazkide publiko zein pribatuen kopurua esponentzialki handitu da. Hartara, mugaren itxierak eragin duen egoera ezagutzea eta zein heinetara egoera horrek proiektuak eta proiektuetako bazkideen parte hartzea arriskuan jar ditzakeen jakitea ezinbestekoa zaigu", azaldu dute.
Horrela, mugen itxierak gaurdaino eragin duen egoeraren jakitun (harreman ekonomiko, kultural, familiar, sozial eta abarren gelditzea), Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak sareko galdetegi bat prestatu du "testigantzak batu eta mugaz gaindiko bizimoduaren errealitatea ezagutu eta ulertzeko asmoz".