Gizartea -

KORONABIRUSA

Hauek izango dira aurtengo udalekuek izango dituzten baldintzak EAEn

Eusko Jaurlaritzak gaur sinatu du sektoreak bere jarduerari berriro ekiteko baldintzak zehazten dituen agindua. Arriskuak murriztea izango da helburua.

Gipuzkoako udaleku baten artxiboko irudia.
Gipuzkoako udaleku baten artxiboko irudia.
Aire librean egindako ekintzei emango zaie lehentasuna aurtengo udalekuetan

1:27

E. JAUREGI | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak gaur sinatu du 2020an egin ahal izango diren haurren eta gazteen aisialdiko jarduerei berrekitea arautuko duen Eusko Jaurlaritzaren dekretua. Osasun agintarien prebentzio eta higiene gomendioak bete beharko dira eta ager daitezkeen COVID-19 kasuak kudeatzeko prozedura bermatu beharko dute elkarte eta erakunde antolatzaileek.

Agindu hori onetsi ondoren, orain udalen, aldundien eta astialdiko erakundeen esku geratzen da jarduera horien antolamendua.

EiTBk asteburuan aurreratu zuen legez, ekintza guztiak erabiltzaileen nahiz langileen osasun, segurtasun, babes eta higiene neurriekin egin beharko dira, osasun agintariek ezarritako neurriak betez eta legedia errespetatuz.

Lehentasuna emango zaie aire librean egiten diren jarduerei. Kasu horietan, jarduera horietarako ohikoa den taldearen %60 osatu ahal izango da gehienez: 200 partehartzaile izango dira, asko jota, begiraleak barne.

Ekintzak espazio itxietan egiten badira, horiek ere %60ko muga izango dute: 80 partehartzaile gehienez, begiraleak barne. Espazio komunetan ere %60ra mugatuta egongo da okupazioa.

Jarduerak irauten duen bitartean, partehartzaileak gehienez 15eko taldeetan banatuta egongo dira (begiraleak barne) eta besteengandik fisikoki bereizita. Ahal den guztietan, taldeen arteko interakzioa mugatuko da.

Kirol jarduerak eta jarduera artistikoak kontakturik gabe eta ikuslerik gabe egin beharko dira. Dena dela, Eusko Jaurlaritzako aginduak onartzen du "haur eta gaztetxoen aisialdi ekintzek askotan nahitaez partehartzaileen arteko kontaktua" eskatzen dutela, baina hori mugatu daitekeela ondorioztatzen du. Horregatik, ahal den guztietan 2 metroko segurtasun distantzia bermatu beharko da eta maskarak erabiliko dira (antolatzaileek eman beharko dituzte beharrezkoa den kasuetan) indarrean dauden osasun aginduen arabera. Bere erabilera bereziki garrantzitsua izango da toki itxietan, baita toki irekietan ere, distantzia mantendu ezin den kasuetan.

Arau orokor gisa, ez da baimenduta egongo jarduera bitartean bazkaltzea edo afaltzea. Posible izango da norberak jana edo askaria eramatea, baina ezingo da besteekin partekatu.

Jangelak, komunak eta gaua pasatzea

Jangela erabiltzea aurreikusten den kasuetan, jangelak itxiak badira, %60ko okupazioa izango dute gehienez, 2 metroko tartea errespetatuz pertsonatik pertsonara, txandak ezarriz eta manparak jarrita. Espazio irekietan dauden jangelen kasuan (karpak, oihalezko estalpeak, egurrezko estrukturak) 1,5 metroko tartea egon beharko da pertsonen artean. Mahaikide bakoitzak bere platera izango du eta ezingo da inorekin partekatu.

Jarduerak martxan diren bitartean komunak itxita egongo dira eta soilik erabilera indibidualerako ireki ahal izango dira, arduradun baten zaintzapean. Pertsona horren ardura izango da erabili ondoren desinfektatzea. Gela eta eskuak lehortzeko papera egon beharko dute bertan.

Gaua bertan igarotzea aurreikusten den jardueretan, gelak partekatuak badira, %60an beteko dira. Jardueretarako ezarri diren 15 laguneko talde bereko kideak izan beharko dute bertan lo egingo dutenek eta begiralea edo antolakuntzako norbaitek gainbegiratuko du neurriak betetzen direla. Literak dauden kasuetan, pertsona bakarra egongo da litera bakoitzeko. Okupatuta dauden oheen artean 2 metroko tartea egon beharko du, eta bestela, bereizteko segurtasun elementuak ezarri beharko dira.

Kanpin-dendak erabiltzen direnean, denda bakoitzeko pertsona bakarrak lo egin ahal izango du barruan. Partehartzaileak etxe bereko senideak badira, kanpadenda berean lo egin ahal izango dute. Dendak, fisikoki bereizita dauden gelak baditu, guztiak erabili ahal izango dira, baina egunero garbitu eta aireztatu beharko dira.

Gaua kanpin-denda edo bestelako elementurik gabe pasatu behar bada, segurtasun distantzia eta lo-zakuen higienea zaindu beharko dira.

Debekatuta dago senideen bisita jasotzea.

Begiraleak, jarduerako azpitaldeen arduradun gisa

Jarduerako azpitalde bakoitzari (15eko taldeak) begirale bat izendatuko zaio eta haren ardura izango da haurrek tutoreengandik jaso eta itzultzea. Arduradun horrek urruntze sozialeko neurriak betetzen direla zainduko du, eta pilaketak saihestuko ditu. Osasun-portaerak eta babes-ekipoak kontrolatuko ditu, eta maskarak banatuko dizkie halakorik ez duten parte-hartzaileei.

COVID-19aren inguruko prestakuntza espezifikoa eta eguneratua jasoko dute begiraleek, baita ezartzen diren neurri eta protokolo espezifikoen ingurukoa ere, laneko arriskuen prebentzioari buruzkoa, gizarte-trebetasunak eskuratzeari buruzkoa eta kudeaketa emozionalari eta ingurumen-hezkuntzari buruzkoa, besteak beste.

Artolazabalen aginduan honako hau jaso da berariaz: "Monitoreei prestakuntza berezia eta eguneratua eman beharko zaie COVID-19aren aurreko prebentzioaren eta babesaren inguruan". Hori dela eta, aginduaren onespenarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak lineako prestakuntza-ikastaroa antolatu du, astialdiko monitoreei zuzenduta, COVID-19ra egokitu daitezen.

Izena emateko epea gaur irekiko da, eta Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez bideratuko da. Hasiera batean, prestakuntza-ikastaro hori datorren ekainaren 25ean arratsaldez egin ahal izatea aurreikusten da; mila izen-emate izan ditzake. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak gogorarazi du astialdiko jardueren erakunde antolatzaileek beren prestakuntza-ekimenak gara ditzaketela, hala nahi badute.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak erabaki du, izena emateko lehen fasean, ikastaroa honako hauei zuzenduko zaiela: monitoreak, mota horretako jarduerak antolatzen dituzten administrazioetako teknikariak, hezitzaileak, etab. Azken batean, haur eta gazteentzako hezkuntzako astialdirako jardueretan zuzenean lan egiten duten profesional eta/edo boluntarioei, bai eta Euskadin haur eta gazteentzako hezkuntzako astialdirako jarduerak antolatzen dituzten erakunde eta entitateetan parte hartzen duten pertsona guztiei ere. Ikastaroan izena emateko bigarren fasean, ikastaroa gainerako interesdunei ere zabal lekieke, harik eta plaza guztiak bete arte.

Partehartzaileen osasun egoera egunero jakinarazteko konpromisoa

Haur eta gaztetxoek ezingo dute jardueran parte hartu COVID-19arekin bateragarria den edozein sintoma badute (eztul, sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna etab.) ezta kutsatutako norbaitekin harreman estua izan badute ere.

Partehartzaileek egunero euren osasun egoeraren berri eman beharko diote bere azpitaldeko begiraleari, mugikor bidez edo beste modu bat erabilita, ekintzara agertu aurretik.

Era berean, egunen batean joan behar ez badute, horren arrazoia jakinarazi beharko diote bere azpitaldeko begiraleari, mugikor bidez edo beste modu bat erabilita.

Izen ematea online egingo da posible den kasu guztietan. Bestela, presentzialki egin ahal izango da osasun agintariek ezarritako baldintzak betez.

Jardueren antolatzaileek bai familiei baita agintariei (Udal, Foru Aldundi edo Eusko Jaurlaritzari) bai ekintzen baita segurtasun neurri guztien berri eman beharko diete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Aisia Umeak Uda Koronabirusa Udalekuak