Gizartea -
KORONABIRUSA
Bizkaiak jarraitzen du EAEko foku nagusia izaten, zortzi kasu gehiago atzeman ostean
Araban eta Gipuzkoan ez dute positibo berririk baieztatu azken orduetan. Atzo, hiru pertsona hil ziren EAEn koronabirusen ondorioz. Bost kasu gehiago eta hildako bat izan dira Nafarroan azken egunean.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.587 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, zortzi kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera (osteguneko 24:00ak arte bildutakoak).
Nekane Murga Osasun sailburuak EAEko egoera epidemiologikoa eguneratzeko goizean egindako agerraldian adierazi duenez, "kasu berriak daude, baina baheketa goiztiarrari esker atzeman ditugu, eta horien jarraipena egiteko neurri egokiak hartu ditugu".
Bestalde, Txagorritxuko Ospitalean (Gasteiz) eta Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako bi fokuen egoerari dagokionez, eguneratutako datuak eman ditu Osasun sailburuak. Ildo horretatik, Basurtun egiten ari diren "zaintza zorrotzari esker" egoera "kontrolpean" izatea lortu dutela azpimarratu du Murgak. "Ardura handiz jokatu behar dugu, eta datozen egunetan zer gertatzen den ikusi arte itxaron", nabarmendu du Osasun sailburuak.
Bestalde, Txagorritxuko Ospitaleko egoerari dagokionez, egoera "egonkortu" egin dela nabarmendu du Murgak, "azken orduotan ez baita inor gehiago kutsatu". "Egoera hobetzen ari da", gaineratu du.
Murgaren hitzetan, "joera ona da, baina zaintza zorrozteko unea da, eta horretan ari gara. Badakigu infekzio foku berriak eman daitezkeela normaltasunera pixkanaka itzultzearen ondorioz, baina prest gaude neurri egokiak hartzeko eta koronabirusa zabaltzea saihesteko ".
Azkenik, Murgak segurtasun neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu du berriro: "Normaltasunerantz zenbat eta urrats gehiago eman, orduan eta garrantzitsuagoa da osasun arloko adituen gomendioak jarraitzea. Funtsezkoa da maskara behar bezala erabiltzea eta segurtasun-distantzia mantentzea. Gure jarrerak baldintzatuko du aurrera egiten jarraitzea eta normaltasun osoa berreskuratzea".
Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik gorakoa da (1,67). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 1,88koa zen indize hori; joan den astean, berriz, ez zen batera iristen (0,74).
Horrela, datuek aldaketa handirik gabe jarraitzen dute atzo zabaldutakoekin alderatuta. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 4.286 detekzio-proba egin zituzten atzo: 3.267 PCR eta 1.019 test serologiko.
Azken orduetan, zortzi kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.562 guztira) eta 63 test serologikoen bidez (6.758), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.320 kasu baieztatu dira orain arte.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan baieztatu dituzten kasu berri guztiak (zortzi) Bizkaian atzeman dituzte. Hain zuzen ere, Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.835 guztira). Hala, Gipuzkoan eta Araban ez dute positibo gehiago zenbatu. Gipuzkoan zenbatu dira orain arte daturik baxuenak (2.265 guztira). Araban, 3.305 kasu baieztatu dituzte guztira.
Hala, Bizkaian baieztatutako kasuei dagokienez, Bilbon (sei) eta Erandion (bi) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten pertsonak. Esan bezala, Araban eta Gipuzkoan, azken orduetan ez dute kasu berririk atzeman.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 157 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 233.215 PCR proba eta 124.236 test azkar egin zaizkie 206.721 pertsonari (pertsona askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan zortzi pertsonak jaso dute alta ospitalean; guztira 4.224 gaixok jaso dute (% 20,8). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 53 gehiago dira, 13.296 guztira (% 65,4).
Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak ez du aldaketarik izan; izan ere, atzo zabaldutako datuekin alderatuta, ez dute paziente gehiago artatu behar izan. Horrela, egun COVID-19ak erasandako 18 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1.587 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Azken orduetan, lau pertsona ospitaleratu dituzte bakarrik COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 191 pertsona daude ospitaleratuta (173 gela arruntetan daude, eta 18, ZIUetan).
*OHARRA*:
Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.
Bost kasu gehiago eta hildako bat izan dira Nafarroan azken egunean
Nafarroak bost kasu berri izan ditu azken 24 orduetan PCR probak baieztatuta, eta hildako bat, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Guztira, 518 pertsona hil dira.
Datuak ez datoz bat Osasun Ministerioak emandakoekin; izan ere, azken egunean lau kasu berri izan dira, eta ez da inor hil.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, Foru Gobernuak eta Osasun Ministerioak azterketa koordinatua egin behar dute, Espainiako Zaintza Sistemari (SIVIES) dagokionez. Ministerioak SIVIESek aitortutako eta Covidek hildako kasuen heriotzak bakarrik zenbatzen ditu. Sistema hau maiatzaren 11n hasi zen.
Foru Gobernuaren datuen arabera, bost positibo berriekin, 5.349 Covid-19 kasu zenbatu dituzte. Gainera, 42 ospitaleratze daude, aurreko egunarekin alderatuta bi gutxiago. Horietatik 34 (bat gutxiago) gela arruntetan daude, sei (bat gutxiago) zainketa intentsiboetako unitateetan eta bi etxean.
Ministerioaren arabera, Nafarroan 5.308 dira koronabirus kasuak, Foru Gobernuak zenbatu dituen 5.349 kasuen azpitik.
25 heriotza azken astean eta 155 kutsatu azken orduetan
Osasun Ministerioak ostiral honetan jakitera eman duenez, 25 pertsona hil dira Espainian COVID-19aren ondorioz azken astean, eta, guztira, 27.136 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik. 25 hildakoetatik bat Andaluzian gertatu da, zazpi Asturiasen, bi Gaztela-Mantxan, bost Gaztela eta Leonen, bat Extremaduran, bost Madrilen, bat Murtzian eta hiru Euskal Autonomia Erkidegoan.
Gainera, 155 positibo berri zenbatu dituzte, ostegun honetan baino bat gutxiago. Guztira 243.209 dira, baina atzo Osasun Sailak emandakoak baino 502 kasu gehiago. Azken 14 egunetan, 896 pertsonak hasi dituzte sintomak, eta horietatik 247 azken astekoak dira.
155 kasuak Andaluzian (bost), Aragoin (zortzi), Asturiasen (lau), Balear Uharteetan (bost), Kanarietan (bi), Gaztela-Mantxan (bat), Gaztela-Mantxan (bi), Katalunian (33), Valentziako Erkidegoan (bederatzi), Extremaduran (bat), Galizian (bi), Madrilen (74), Nafarroan (lau), Euskal Autonomia Erkidegoan (bi) eta Errioxan (3) gertatu dira.