Gizartea -

Koronabuloak

Pentsioek, % 30-40 behera? EAEko pentsiodunek ez dute inolako informaziorik

Halaber, ekainaren 29rako (Done Petri eguna da), uztailaren 7rako (San Fermin) eta uztailaren 18rako ez dute ezohiko mobilizaziorik deitu, Euskofederpenek baieztatu duenez.

Pentsiodunen protesta bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Pentsiodunen protesta bat, artxiboko irudian
Pentsiodunen protesta bat, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan WhatsAppen ibili izan den mezu baten arabera, eta COVID-19ak eragindako krisia tarteko, Espainiako Gobernuak asmoa omen du pentsioek % 30-40 murriztea. Euskal Autonomia Erkidegoko pentsiodunen elkarteek, baina, ez dute horren gaineko inolako informaziorik; hala azaldu dio eitb.eus-i Euskofederpenek, alegia, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Jubilatuen Lurralde Elkarteak.

Mezuak, halaber, ezohiko mobilizazioak egitea proposatzen du, horren harira; hain zuzen ere, manifestazioak ekainaren 29rako (Done Petri eguna da), uztailaren 7rako (San Fermin) eta uztailaren 18rako deitzen dituzte, testuan. Euskofederpenek ez du inolako deialdirik jaso.

Koronabirusaren harira sare sozialetan zabaltzen diren gezurretako informazioak antzemateko EiTBrekin elkarlanean ari den VOSTEuskadi elkarteak eman digu WhatsApp-eko mezu horren berri, #Koronabuloak ekimenaren barnean.

Zer dio WhatsApp-en bidez dabilen mezua?

Hain zuzen ere, ondorengoa dio mezuak:

"ADI, HAINBAT ETA HAINBAT URTEZ EGINDAKO AHALEGINEN ETA GIZARTE SEGURANTZARI EGINDAKO KOTIZAZIOEN TRUKEAN GURE PENTSIOA KOBRATZEN DUGUN ADINEKO PERTSONAK!

Ekonomia lur jota dago, eta Europar Batasunak mesfidantza du aukeratu dugun eta beraiek adostu duten desgobernu sozial-komunistaren aurrean.  EB baldintzak eta bermeak ari da eskatzen, mailegurako edo erreskaterako, eta, besteak beste, funtzionario publiko guztientzako soldata-jaitsierak eskaini dituzte (beraiek kenduta, jakina), eta PENTSIODUNEI, bereziki. Zurrumurrua ari da zabaltzen (geure burua pixkanaka prestatzeko), eta murrizketa % 30-40koa izango omen da (Grezian bezala). Ezin dugu onartu, eta geldiarazi behar dugu, bestela berandu ibiliko gara… Bizitza osoa lanean eman dugu, bai eta kotizatzen ere, baina orain hau ezarri nahi digute… Zabaldu, jendeak jakin dezan, eta geldiaraz dezagun. BERBIDALI PENTSIODUN GUZTIEI EDO ETORKIZUNEKO PENTSIODUNEI.

OHARRA: Mezu hau zentsuratuta zegoen, eta pertsona bakar bati bidaltzeko aukera ematen zuten. Nik kopiatu dut, eta oharretan itsatsi, eta izenburua pixka bat aldatu, inor ez konturatzeko eta zabaldu ahal izateko, bosna mezutako bidalketetan… Egin gauza bera, zentsurak arazorik ematekotan. Besarkada bat.

Eta ahal dugunean, legezko manifestazioa egin genezake, osasun-arreta guztiekin. Espainiako herri eta hiriburu guztietako Udaletxeetan egin genezake… ZER IRUDITZEN ZAIZUE ekainaren 29an, Done Petri eguna da), uztailaren 7an (San Fermin eguna) eta uztailaren 18an egitea?".

EAEko pentsiodunen elkarteek ez dute inolako informaziorik

Horren harira, eitb.eus-ek Euskofederpenekin hitz egin du, hau da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Jubilatuen Lurralde Elkartearekin; Elkartearen iturriek esan dutenez, ez dute Espainiako Gobernuaren balizko asmoaren gaineko informaziorik.

Horrez gain, ez dute deialdirik jaso, ekainaren 29an, uztailaren 7an, eta uztailaren 18an ezohiko mobilizaziorik egiteko.

Euskofederpenek nabarmendu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteek ere ez dute inolako informaziorik edo abisurik jaso.

Mezua berbidaltzeko zentsurarik ez dago

Esan dugunez, mezuak zurrumurruak ditu hizpide; hala ere, ez da egia WhatsApp-en bidez berbidaltzeko zentsurarik duenik. Mezuak hori dio, "OHARRA" atalean, baina ez da horrela.

Kontua da WhatsAppek muga berria ezarri duela hainbat aldiz birbidalitako mezuentzat, eta, apiriletik, txat edo talde bakoitzeko behin baino ezin dira zabaldu horiek, gehiegizko birbidalketak eta desinformazioa saihesteko.

Maldita.es web orriak (#Koronabuloak ekimenean EiTB horrekin ere dabil lanean), Maldito Bulo atalean, muga hori izan zuen hizpide, albiste honetan.

#Koronabuloak ekimenean, gure erabiltzaileak 600 900 454 zenbakira ari dira abisuak bidaltzen, alegia, ekimenaren WhatsAppera. Halaber, Euskal Irrati Telebista, VOSTEuskadiz eta Maldita.es atariaz gain, Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba EAE albisteak Espainiako Gobernua albisteak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Albiste faltsuak gaur Pentsioei buruzko albisteak 2024 Koronabirusa