Gizartea -

Koronabirusa

Talde-immunitatea oraindik urrun dagoela baieztatu du testen bigarren zatiak

Nafarroako herritarren % 6,4k, Arabakoen % 6,2k, Bizkaikoen % 3,7k eta Gipuzkoakoen % 2,6k COVID-19aren aurkako antigorputzak dituzte. Estatuan, herritarren % 5,2k dituzte.

Gizon bat, seroprebalentzia-proba batean. Argazkia: EFE.
Gizon bat, seroprebalentzia-proba batean
Talde-immunitatea oraindik urrun dagoela baieztatu du testen bigarren zatiak

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuan egindako seroprebalentzia-ikerketaren bigarren zatiak ondorioztatu du COVID-19 gaitzarekiko talde-immunitatea oraingoz urrun dagoela. Hain zuzen ere, Nafarroako herritarren % 6,4k gaixotasunaren aurkako antigorputzak garatu dituzte, Arabakoen % 6,2k, Bizkaikoen % 3,7k eta Gipuzkoakoen % 2,6k; Estatuan, herritarren % 5,2k dituzte antigorputzak. Talde-immunitatea egoteko, beharrezkoa da herritarren % 60k, gutxi gorabehera, izatea antigorputzak.

Espainiako Osasun Ministerioak eta Carlos III.a Osasun Institutuak egindako ikerketaren arabera, antigorputzak garatu dituzten Hego Euskal Herriko herritarren ehunekoak behera egin du. Lehen ikerketan (maiatzaren 13an argitaratu zuten), arabarren % 7,2k, nafarren % 5,8k, bizkaitarren % 3,9k eta gipuzkoarren % 2,8k antigorputzak zituzten; hau da, Araban puntu bat egin du behera, Nafarroan sei hamarren, eta Bizkaian eta Gipuzkoan bi hamarren.

EAEko datua, bigarren zati honetan, % 3,7koa da; lehen zatian, aldiz, % 4,0koa zen, maiatzean.

Estatuan, % 0,2 egin du gora

Testen arabera, Estatuko herritarren % 5,2 sendatu dira, COVID-19a izan eta gero; hau da, lehen zatian baino % 0,2 gehiago. Bigarren txanda honetan, 63.564 lagun aztertu dituzte, maiatzaren 18tik ekainaren 1era bitartean.

Tasa pixka bat txikiagoa da gizonen artean (% 5,01ekoa da) emakumezkoetan baino (% 5,40). Ikerketak ondorioztatzen duenez, eta hau lehen zatian ere gertatzen zen, aldakortasun geografiko nabarmena dago: prebalentziak % 10ekoak eta ehuneko horretatik gorakoak dira Madrilen eta autonomia-erkidego horren inguruko probintzietan.

PCR bidezko diagnostiko batean duela bi aste baino gehiago positibo eman dutela adierazi eta ikerketan parte hartu dutenei erreparatuta, % 80,5ek dituzte antigorputzak. Kasu susmagarriak kontuan izanik, zenbat eta sintoma gehiago izan, orduan eta handiagoa da antigorputzaren prebalentzia; bereziki altua da usaimena galdu duten herritarren artean (% 40koa da). Sintomarik gabeko parte-hartzaileei dagokienez, % 2,8k garatu dituzte antigorputzak.

Horrez gain, lehen zatian antigorputzarik ez zuten parte-hartzaileen % 0,8k badituzte antigorputzak oraingoan.

Ikerketak, horrez gain, berretsi du COVID-19a izan dutenen herenak ez dutela sintomarik izan.

Espainiako Epidemiologia Zentro Nazionaleko zuzendari Marina Pollanen esanetan, "antigorputzen zifra ez da aldatu, pixka bat egin du gora, baina hori ez da esanguratsua, estatistikari begira". Lehen zatian parte hartu zuten herritarren % 95ek orain ere hartu dute parte, bigarren zatian.

Bere aldetik, Fernando Simonek, Osasun Larrialdietako eta Alertetako Koordinazio Sistemaren zuzendaria bera, adierazi du sintomarik gabeko kutsatuek "ez dutela berdin transmititzen", karga birala txikiagoa baitute, baina ohartarazi du arriskua ez dela desagertu.

Halaber, Simonek azaldu du gerta daitekeela egoera jakin batzuetan kutsadura asko egotea, ez pertsona batekin lotuta, baizik eta egoera horretako kontaktu-motagatik; adibide moduan, Gasteizko hileta batean izandako kutsadurak ekarri ditu gogora.

Ikerketaren emaitzak aztertuta, Simonek esan du sistemak agian ez zituela atzeman benetan zeuden adina kasu, sarrera handiagoa izan baitzen, eta horrek eragin omen zuen pandemiaren hasiera Espainian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba EAE albisteak Espainia argazkiak Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur