Gizartea -

KORONABIRUSA

Hildakorik eta positibo berririk gabeko lehen eguna Euskadin

Nafarroan ere ez da hildakorik izan azken 24 orduetan, baina bai beste bost positibo. Espainiak ere ez du COVID-19aren ondorioz heriotzarik zenbatu, martxoaren hasieratik lehen aldiz.

Osasun arloko profesionalak Donostian. Argazkia: EFE
Osasun arloko profesionalak Donostian.
Hildakorik eta kutsatzerik gabeko lehen eguna EAEn

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, azken 24 orduetan ez da inor hil Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE); beraz, orain arte 1541 hildako zenbatu dira. Horrez gain, ez dute kasu berririk baieztatu PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera (igandeko 24:00ak arte bildutako datuak).

Horrela, koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute datuek. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 1202 detekzio-proba egin zituzten atzo: 977  PCR eta 225 test serologiko.

Azken orduetan, 13 kasu baino ez dituzte atzeman EAEn, denak test serologikoen bidez (6315 positibo guztira). PCR proben bidez (13.518), ordea, ez dute positiborik atzeman, Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 19.833 kasu baieztatu dira orain arte.

Testuinguru horretan, Bizkaian baieztatu dituzte positibo gehien orain arte, 7610 guztira. Gipuzkoan, 2313 kasu zenbatu dituzte orain arte, eta Araban, berriz, 3006 positibo atzeman dituzte pandemia hasi zenetik.

Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 589 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken astean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 202.947 PCR proba eta 113.875 test azkar egin zaizkie 178.342 pertsonari (paziente askori behin baino gehiagotan egin zaizkie probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, azken 24 orduetan 11 pertsona sendatu dira (16.510 guztira). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,68). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak gora egin du, atzo zabaldutako datuekin alderatuta 2 paziente gehiago baitaude. Horrela, gaur egun 29 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

Orain arte, guztira 1541 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Gainera, 1782 gaixo daude oraindik (% 9). Azken orduetan, 5  pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, gaur egun 255 pertsona daude ospitaleratuta (226 gela arruntetan eta 29 ZIUetan).

Uztailaren 12ko hauteskundeetarako jarraibideak eman ditu Jaurlaritzak

Bestalde, uztailaren 12an EAEn izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, osasunarekin eta segurtasunarekin lotutako betekizunak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Osasun publikoa zainduz, herritarrei botoa emateko eskubidea bermatzea da, hain zuzen ere, jarraibide horien helburu nagusia.

Eguerdian Lehendakaritzan egindako agerraldian, Nekane Murga Osasun sailburuak osasun arloko jarraibideak eman ditu, eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak, berriz, antolakuntzari buruzko xehetasunak eman ditu.

Jaurlaritzak azaldu duenez, herritarrek botoa emateko eskubidea berme osoz gauzatu ahal izateko ezarri dituzten osasun arloko betekizunak ondorengoak dira: segurtasun-tartea uztea, maskara erabiltzea, eskuak sarri garbitzea, gainazalak eta leku jendetsuak garbitzea eta desinfektatzea eta jendea pilatzea saihestea.

Hauteskunde hauetan aurreko hauteskundeetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira (6 gehiago Araban, 27 Bizkaian eta 8 Gipuzkoan). Gainera, uztailaren 12an egongo diren 761 hauteslekuetatik 100 beste kokaleku batean jarriko dira.

Bost positibo eta hildako bat ere ez Nafarroan

COVID-19aren kasuen kopuruak, PCR probekin baieztatuta, gora egin du azken orduetan Nafarroan, hau da, guztira 5 299 kasu izan dira, bost gehiago izan baitira azken orduetan; hildakoen kopurua, berriz, 515 kasutan mantendu da, ez baita heriotzarik izan.

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, bi paziente ospitaleratu behar izan dituzte, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean, eta, beraz, hamaika pertsona daude zainketa intentsiboetan.

64 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 51 gelan arruntetan daude, bi etxeko zaintzan eta beste hamaikak zainketa intentsiboetako unitateetan, aipatu bezala.

COVID-19aren pandemia hasi zenetik, 6 012 pertsonari alta eman zaie Foru Erkidegoan.

Osasun Ministerioak ez du heriotzarik zenbatu Espainian

Osasun Ministerioak ez du hildakorik zenbatu koronabirus berriaren bilakaerari buruzko eguneroko txostenean, martxoaren 3tik lehenengo aldiz; beraz, COVID-19aren ondorioz hildako pertsonen kopurua 27.127 pertsonakoa da oraindik, eta horietatik 35ek bizia galdu dute azken 7 egunetan.

Era berean, diagnostikoak 71ra murriztu dira azken 24 orduetan, hau da, kutsatutako eta PCR probak baieztatutako pertsonen kopurua 239.638ra jaitsi da. Gainera, 11.399 pertsona zainketa intentsiboetako unitate batean sartu dituzte, 9 azken 7 egunetan, eta 123.879 ospitaleratu behar izan dituzte.

Ildo horretan, Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak adierazi duenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea buru duen Deseskalatzerako Batzorde Teknikoaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Espainian 24 ordu behar dira batez beste COVID-19aren kontsultaren eta diagnostikoaren artean. Izan ere, datuak "oso mesedegarriak" direla esan du.

Kantabrian, Extremaduran, Galizian, Melillan, Murtzian, Euskadin eta Errioxan ez dute COVID-19arekin inor diagnostikatu azken orduetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa