Gizartea -

Koronabirusa

Bizkaiko Medikuen Elkargoak Lehen Mailako Arretan inbertsio handiagoa eskatu du

Bizkaiko Medikuen Elkargoak "konpromiso irmoa eta eraginkorra" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, baliabide material eta giza baliabide gehiago bermatuz.

Ospitale bat koronabirusaren pandemia bitartean. Argazkia: EFE.
Koronabirusaren pandemia bitartean ospitale baten irudia
Ospitale bat koronabirusaren pandemia bitartean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Medikuen Elkargoak "konpromiso irmoa eta eraginkorra" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Lehen Mailako Arretan, baliabide material eta giza baliabide gehiago berma ditzan, aurre egin behar duten lan-karga "izugarria" delako; izan ere, koronabirusaren pandemia biztanleen ohiko osasun-arazoei gehitu behar zaie.

Ohar baten bidez, Elkargoak Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari eskatu die "luzamendurik gabe eman dezatela aurrekontua inbertitu ahal izateko, eta ez dadila besterik gabe gastatzea izan", eta hori "ezinbestekotzat" jo dute "nahi den kalitatezko arreta medikoa bermatzeko".

Zehaztu dutenez, Lehen Mailako Arreta osasun-sistemaren "sarrerako atea" da, eta, beraz, horren ardura da, besteak beste, koronabirus kasuak detektatu eta kontrolatzea, paziente kronikoak kontrolatzea eta atzeratu ahal izan diren osasun-arazoak eta patologia kronikoak dituzten pazienteak artatzea.

"Eta hori guztia balizko beste agerraldi bat eta epidemiaren gorakada berri bat alde batera utzita, berriro ere horri eustea lehentasun bihurtuko bailuke", ohar  horretan adierazi dutenez. Halaber, Lehen Mailako Arretan "inbertitu" behar dela azpimarratu dute, eta langileei "beharrezko guztia" eman behar dietela nabarmendu dute, "gizartearen mesederako, beren entrega eta konpromisoa" erakusten jarraitu ahal izateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Bizkaia Eusko Jaurlaritza EAE Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Koronabirusa Anbulatorioak