Gizartea -
KORONABIRUSA
Hildako bat EAEn eta bakar bat ere ez Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
Atzo, 8 kasu atzeman zituzten PCR proben bidez: 2 Araban eta 6 Bizkaian. Bestalde, Nafarroan 30 kasu atzeman dituzte azken orduetan PCR bidez.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, pertsona bat hil da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera (igandeko 00:00ak arte bildutakoak). Orain arte, beraz, 1.467 pertsona hil dira guztira.
Gainera, azken orduetan 8 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.430 guztira) eta beste 12 test azkarren bidez (5.369), Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Beraz, orain arte 18.799 kasu baieztatu dira.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 163.455 PCR proba eta 95.320 test azkar egin zaizkie 141.478 pertsonari (paziente askori, ordea, behin baino gehiagotan egin zaizkie probak). Testuinguru horretan, guztira 1.941 proba egin ziren igandean (1.621 PCR eta 320 test azkar).
Probintzien arabera, Araban 2 pertsonak eman dute positibo PCR probetan azken 24 orduetan (2.972 guztira), eta Bizkaian 6 kasu atzeman dituzte. Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien atzitu dituen lurraldea (7.555 guztira).
Araban baieztatutako kasuei dagokionez, Gasteizen atzeman dituzte biak. Bizkaikoen kasuan, berriz, Arrigorriagan, Basaurin, Bilbon (2), Lekeition eta Sopuertan baieztatu dituzte.
Hala, Gipuzkoan zenbatu dira orain arte lurraldeko daturik baxuenak (2.312 guztira), eta azken egunean ez da kasurik baieztatu PCR proben bidez. Horrez gain, EAEn beste 591 kasu positibo atzeman direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, baina horietako bat ere ez azken 24 orduetan.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, azken 24 orduetan 43 pertsona sendatu dira (guztira 16.203). Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,74). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.
Orain arte, guztira 1.467 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (% 7,8). Gainera, gaur egun 48 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko eguneko kopuru bera, eta 1.129 gaixo daude oraindik (% 6).
Igandean beste pertsona bat ospitaleratu dute COVID-19a dela eta, baina Osasun Sailak ez du jakinarazi guztira zenbat ospitaleratuta dauden gaur egun.
Bestalde, Nafarroan ez da hildakorik izan. Laugarren egunez jarraian, gainera, ez dute inor ospitaleratu eta 154 pertsonari eman diete alta.
Halaber, 42 kasu gehiago atzeman dituzte (30 PCR proben bidez eta 12 test azkarren bidez). Kasu gehienak sintomarik gabekoak dira, eta, beraz, ez dituzte artatu behar izan, nahitaezko isolamendu-neurriez gain. Dena dela, etengabe zainduta eta gainbegiratuta daudela jakinarazi du Foru Gobernuak.
Datu horiekin, orain arte baieztatutako kasuak 8.335 dira guztira (5.178 PCR proben bidez eta 3.157 test azkarren bidez).
Gainera, azken orduetan ez dute gaixo berririk ospitaleratu. Pandemia hasi zenetik, 2.045 pertsona artatu dituzte; horietatik, 136 gaixo zainketa intentsiboetako unitatean izan dira, Foru Gobernuak adierazi duenez, eta 154k igandean jaso dute alta-agiria.
Bestalde, 503 pertsona dira jada koronabirusaren eraginez hildakoak (kutsatuen % 6,03). Horietatik, % 67,99 (342 pertsona) ospitaleetan jazo dira, eta % 32,01 (161 pertsona) ospitaleetatik kanpo. Hildakoen adin-tartea 26 eta 107 urte bitartekoa da, eta batez besteko adina 83 da.
Gauzak horrela, 3.905 lagun sendatu dira pandemia hasi zenetik (kutsatuen % 46,85).
Nafarroako Osasun Sistemako (publikoa eta pribatua) profesionalei dagokienez, ez dute kasu berririk diagnostikatu azken orduetan. Orain arte, pandemia hasi zenetik 872 profesional kutsatu dira, 15.000 pertsonako kolektiboaren % 5,8, gutxi gorabehera.
Pedro Sanchezen Gobernuak PCR bidez baieztatutako kasu berriak jakinarazten ditu bakarrik. Proba horren bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen ala gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, orain duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Birusaren transmisioa oso baxua da
Koronabirusaren ondorioz hildako pertsonen kopuruak beherakada handia izan du astelehen honetan, 59 pertsona hil baitira, atzo baino 30 gutxiago, beraz, 27.709 pertsona hil dira jada, eta gauza bera gertatu da kutsatutakoekin ere: 285 pertsona kutsatu dira azken orduetan, martxoaren 8tik izandako kopururik baxuena eta dagoeneko 231.606 dira Espainian kutsatutakoak.
Hala, hazkunde-erritmoa % 0,12koa da, eta azken 14 egunetan Espainian metatutako intzidentzia ia bezperatik mantentzen da, 20,02 kasu 100.000 biztanleko.
Osasun Ministerioaren astelehen honetako balantzea arratsaldez argitaratzen duen lehena da, sistema berri baten arabera; horren arabera, erkidegoek eguneratutako datuak egun bereko 12:00ak arte emango dituzte, eta ez aurreko eguneko 21:00ak arte.
Aldaketa gorabehera, atzokoekin "guztiz konparagarriak" direla azaldu du Fernano Simonek; izan ere, ia adierazle berak hartzen ditu kontuan, eta egunez egun aldatzen joango dira, epidemiaren bilakaera hobeto islatzeko.
Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak astelehen honetan adierazi duenez, une honetan "birusaren transmisio oso baxuko fasean gaude, eta amaierara iristen ari gara", eta esan daiteke, gainera, duela egun batzuetatik Espainian oso gutxi dabilela.
"Duela egun batzuetatik, kasuen kopurua nahiko txikia da, zirkulazioa lehen uste genuena baino baxuagoa dela pentsatzeko", azaldu du epidemiologoak.
Fernando Simonen esanetan, birusak pertsonek transmititzen dute, baina, hala ere, "egoera idealean" gera daiteke denbora batez, eta, ondorioz, "egoera arraroak" eman daitezke, gainazal batetik "infekzio berantiarra" gerta daitekeelako, baina "ez da ohikoa".
Eta, gainera, birusaren transmisio txikiko fasean gaude orain, eta horregatik, uneren batean giroan egon izan balitz ere, "orain ez da hain probablea" eta horregatik ez da "gehiegi" kezkatu behar.