Gizartea -

Koronabirusa

1 fasearen berrikuntzak

Astelehen honetatik aurrera, ehiza eta arrantza baimenduta egongo dira eta 400 metro karratu baino gehiago dituzten dendek ere ireki ahalko dute, baina neurri horretara mugatuta.

Udaltzaingoaren kontrola, Bilbon. Argazkia: EFE
Udaltzaingoaren kontrola, Bilbon.
Herritarrak bizilekua duten probintzia osoan barrena mugitzea baimendu du Jaurlaritzak

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) Osasun Ministerioaren agindu berria argitaratu du asteburuan, deseskalatzearen 2 fasea aplikatzeko baldintzak ezartzen dituena. Estatuko lau uharte sartuko dira astelehenean fase horretan: Formentera (Balearrak) eta La Graciosa, El Hierro eta Gomera (Kanariak).

Horrez gain, aste honetan 0 fasean jarraitzen duten erkidegoei (Madrilgo Erkidegoa, Bartzelona eta Gaztela eta Leongo hirigune zabalak) arintzen dizkieten neurriak zehaztu ditu BOEk, baita 1 fasearen bigarren astean sartzen direnei baimenduko zaizkien aukera berriak ere. Azken kasu horretan daude EAE eta Nafarroa.

1 fasean, berrikuntza hauek aplikatuko dira:

-Ordutegiak: 10.000 biztanle arteko udalerrietan ez da paseoan ateratzeko adinaren araberako ordutegirik izango, aurreko egunetan 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrien kasuetarako erabaki bezala.

-Merkataritza: Orain arte 400 metro karratu baino gutxiago zituzten dendak ireki zitezkeen, baina agindu berriak aukera ematen die 400 metro karratu baino gehiago dituzten merkataritza-establezimendu eta lokalei ere ateak irekitzeko. Hori bai, espazio horretara mugatu beharko dute jendearentzat berriro irekitzen duten espazioa eta, merkataritza zentro batean badago, kanpotik zuzenean sartzeko aparteko bidea izan beharko du.

-Ehiza eta kirol-arrantza baimentzen dira.

Gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Eusko Jaurlaritzaren dekretu bat argitaratu zuen larunbatean, astelehenean hasi zen deseskalatzearen 1 faseari lotutako berritasun batzuk ere jasoz.

Hala, hilaren 18tik aurrera, herritarrek ez dute mugarik izango euren lurralde historikoan paseatzeko edo kirola egiteko.

Halaber, EAEko herritarrek beste lurralde historikoetako aldameneko udalerrietan ere egin ahalko dituzte paseoak, edo kirol-jarduerak, horien arteko zirkulazioa ohikoa izanez gero (adibidez, Eibarko herritarrak Ermura joan ahalko dira, eta Ermukoak Eibarrera).

Astelehenetik irekita dauden kudeaketa pribatuko kirol-instalazioekin gauza bera gertatuko da: lurralde historiko osoko herritarrek erabili ahalko dituzte, bai eta lurralde historiko horretako mugakideak diren udalerrietakoek ere.

Gainera, bigarren etxebizitzara ere joan ahalko da, norbera bizi den lurralde historikoan badago behintzat.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak aisiarako etxabe, upategi, txoko eta elkarte gastronomikoetan biltzea debekatu du oraingoz (EAEn aurretik debekatu zuten), espazio pribatuak izan arren ez direlako "etxebizitzen parekoak", erabilera kolektiboa dutelako.

Foru aginduak argi uzten du espazio horiek biltzeko lekuak direla eta "modu intentsiboan erabiltzen dituela jendeak; normalean, etxe ezberdinetako lagunak bilduz, gainera". Horregatik, egun Nafarroan indarrean dagoen fasean, etxeetan 10 lagun arte biltzea baimendua dagoen arren, gune horiek "tratamendu berezia" izan behar dutela uste du Gobernuak.

Horrela, ondorengo ekintza hauek egongo dira baimenduta astelehenetik aurrera:

-Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahalko dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere. Senideak koronabirusean positibo eman badu edo isolamenduan badago, ezingo dugu bisitatu. Ez da komeni adineko pertsonak edo arrisku-taldeetakoak bisitatzea, COVID-19aren aurrean ahulagoak direlako.

-Familiak elkarrekin irten ahalko dira paseatzera EAEn. Hori bai, 14 urtetik beherako haurrekin, gehienez ordubetez egon ahalko da paseoan. Kalera ateratzeko ordutegiak 0 fasean ezarri zirenak izango dira.

-Ospitalean dauden gaixoei bisita egiteko aukera izango da, betiere COVID-19arekin kutsatuta ez badaude (EAEn bai, Nafarroan ez). Bisitaria pertsona bakarra izan beharko da eta beti pertsona bera izateko gomendioa egin dute.

-Gehienez 10 laguneko bilerak egin ahalko dira kalean. Bi metroko segurtasun-tartea zaindu beharko da, eta higiene-arauak errespetatu beharko dituzte (eskuak garbitzea, besteak beste). Segurtasun-distantzia gordetzerik ez dagoenean, maskara jarri beharko dute. Beti pertsona berak batzeko eta talde handitan ez elkartzeko gomendioa egin dute.

-Terrazetan eseri ahalko gara, zerbait hartzeko, baldin eta horretarako tokirik topatzen badugu, mahaien erdiak soilik okupatu ahalko baitira. Mahaien eta bezero taldeen artean, gutxienez bi metroko tartea izan beharko da, eta taldeak ez dira hamar lagunetik gorakoak izango. Horrez gain, mahaiak desinfektatu beharko dira bezero batek erabili ostean eta hurrengoak erabili aurretik, eta ezingo dira erabili ez ohiko kartak ez ezpainzapiak. Ez dago denbora mugarik.

-Bigarren etxebizitzara joan ahalko gara, lo egitera, bizitzera edo dena delakoa egitera, hori bai, bakarrik bizi garen lurralde berean badago.

-Etxebizitza berean bizi diren pertsonak ibilgailu berean joan ahalko dira, muga bakarra ibilgailurako baimendurako plaza-kopurua izango da, eta ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea.

-400 metro karratu baino gutxiagoko saltokietan ez da beharrezkoa izango aldez aurreko hitzordurik, ezta banakako arretarik ere. Dendek gehienez ere har ditzaketen bezeroen % 30 hartu ahalko dituzte, gutxienez bi metroko segurtasun-tartea gorde beharko da eta adinekoei lehentasuna emateko ordutegia ezarri beharko da. Horrez gain, egunean bitan lokala desinfektatu beharko dute merkatariek.

-400 metro karratu baino gehiago dituzten saltokiek ere ireki ahalko dute, baina jendearentzako espazioa neurri horretara mugatu beharko dute, eta, merkataritza zentro baten barruan egonez gero, kanpotik sartzeko bide berezia izan behar dute.

Gainera, establezimenduek eta lokalek jendaurrean jarri beharko dute lokal bakoitzaren gehienezko edukiera zein den; edukiera hori bermatu beharko dute eta lokalaren barruan pertsonen artean gutxienez bi metroko distantzia gordetzen dela ziurtatu.

-Okindegiek eramateko bakarrik sal ditzakete produktuak, inola ere ez establezimenduaren barruan kontsumitzeko. Terraza baldin badaukate, ostalaritza-zerbitzuetarako ezarritakoa bete beharko dute.

-Jendearentzat irekita dauden establezimenduek barruan mantentze eta hobetze lanak egin ditzakete.

-Eraikinetan obrak egin ahal dira, baldin eta obrako lanekin erlazionatuta ez dauden pertsonekin interferentziarik eragiten ez badute.

-Aire zabaleko merkatuen jarduera itzuliko da kaleetara, udalek baimenduz gero, baina postuen arteko distantzia eta merkatu ibiltariaren mugak errespetatuz, segurtasun-indarrek edukiera behar bezala kontrolatzeko. Ohiko postuen kopurua % 25era mugatuko da, eta gehienezko bezeroen kopurua edukieraren herena izango da.

-Lorezaintza-zentroak eta landare-mintegiak zabaldu ahalko dira, azalera erabilgarria edozein izanda ere, baina beti aurretik hitzorduak hartuta.

-Familiako baratzeetan lan egin ahal da: elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere.

-Ekitaldi eta ikuskizun kulturalak egiten diren establezimenduek, lokalek eta liburutegiek eta museoek itxita jarraituko dute.

-Loteria-administrazioak irekita daude, baina ez merkataritza zentroetan edo parkeetan daudenak eta kanpotik sarrera zuzena eta independentea ez dutenak. Estatuko lurraldeen % 72 1 fasean dauden unetik ekingo zaie zozketei.

-Gaubeilak baimenduta daude, baina joan daitezkeen senideen kopurua mugatu egingo da: 15 pertsona bildu ahalko dira aire zabalean, eta hamar, berriz, leku itxietan.

-Hileta eta ehorzketetara joan gaitezke, baina muga bat egongo da: hilobiratzeko segiziora edo hildakoa erretzeko agurrera gehienez 15 pertsona joan ahalko dira, eta, nahi den kasuan, apaiza ere batu ahalko zaio talde horri.

-Gurtza-lekuak irekita daude, baina fededunen joan-etorria heren batera murriztuko da. Leku itxiak izanik, maskara jartzea gomendatzen dute.

-Arrantza eta ehiza baimenduta egongo dira.

-Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egitera edo kontzesionario batera joan daiteke, aurretik hitzordua eskatuta. Dena dela, berritzeko epea luzatu du Espainiako Gobernuak.

-Ibilgailuak konpontzeko eta mantentze-lanetarako tailerrak ireki daitezke, piezak saltzeko ere bai, baita ibilgailuen txikitegiak ere. Jendeari arreta emateko orduan, ezarritako osasun-jarraibideak bete behar dira.

-Txatarraren eta hondakin solidoen bilketa-jarduera baimenduta dago.

-Hotelak, apartahotelak, landa-etxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak ireki daitezke, baina eremu komunak ezin izango dira erabili eta higiene-arloarekin lotutako murrizketak egon beharko dira.

-Espainiako Gobernuak telelana lehenesten jarraituko du, posiblea den kasuetan.

-Martxan izango dira desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eta lanbide-terapia, errehabilitazio-terapia eta terapia psikosoziala, eta egoitzetan bizi ez diren adineko pertsonei ere etxez etxeko arreta eta etengabeko jarraipena eskainiko zaie berriro.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuntza albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur Alarma-egoeraren amaiera Deseskalatzea