Gizartea -
Zaldibarko erraustegia
Bilkurak, Zaldibarko erraustegiko luizitik 100 egun igaro direla gogoratzeko
Zaldibar Argitu plataformak esan du lehentasuna Joaquin Beltranen eta Alberto Sololuzeren gorpuak aurkitzea izan behar dela. Halaber, zabortegiaren kudeaketari buruzko egiazko informazioa eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zaldibarko zabortegiaren luizia gertatu zenetik 100 egun igaro direla eta oraindik Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren gorpuak hondakin artean jarraitzen dutela gogoratzeko, Zaldibar Argitu plataformak bilkurak deitu ditu larunbaterako (maiatzak 16) Zaldibarren, Zallan eta Elgetan.
Elkarretaratzeak alarma egoeragatik ezarritako segurtasun neurriak errespetatuz gauzatuko direla ziurtatu dute.
"100 egun igaro dira milaka tona hondakin mendi magalean behera erori zirenetik, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran azpian harrapatuta. Erreskate taldeak babes neurri egokirik gabe ibili ziren bi langileen bila amianto eta substantzia toxiko artean, herritar guztion osasuna ere arriskuan jarri zuten eta, hala ere, beste aldera begiratu zuten", adierazi du Zaldibar Argitu plataformak ohar batean.
Halaber, 100 egun geroago inork ez duela gertatutakoaren ardura bere gain hartu salatu dute, "erantzule zuzenak badiren arren". "Egia eta informazioa zor dizkigute. Herritarrok egindako galderei eta aldarrikapenei erantzuna eman behar zaie", erantsi dute.
Euskal Herriko "hondamendi ekologiko larrienetako baten aurrean" Eusko Jaurlaritzak autokritikarik egin ez duela deitoratu dute. "Nola da posible kudeaketa ezin hobea egin dutela esatea, tamaina horretako zabortegi bat behera erori denean?", galdetu dute.
Horrenbestez, herritarrei "informazio zuzena, zehatza eta egiazkoa" emateko eta desagertutako bi beharginen gorpuak aurkitzeko "beharrezkoak diren bitarteko guztiak" jartzeko exijitu dute.
Horrez gain, Zaldibarren gertatutakoa beste inon ez errepikatzeko bermeak eskatu dituzte; eta, ildo horretn, ezinbestekotzat jo dute hondakinen kudeaketa "publikoa, zuzena eta zorrotza" izatea, "etekin ekonomikoak lortzea helburu duten enpresa pribatuen esku utzi beharrean".