Gizartea -
KORONABIRUSA
Sei hildako EAEn eta hiru Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
Bestalde, PCR bidez baieztatutako kasuei dagokienez, 11 pertsonak eman dute positibo azken 24 orduotan Euskadin, eta, Nafarroan, berriz, 16 kasu berri atzeman dituzte aurreko balantzetik.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, sei pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte, 1.429 pertsona hil dira. Halaber, 169 kasu positibo berri atzeman dituzte Euskadin (11 PCR proben bidez eta 158 test azkarren bitartez); horrenbestez, guztira 17.840 kasu baieztatu dituzte orain arte proba horien bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera (aurreko egunean 20:00ak arte bildutakoak).
Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan 195 pertsona sendatu dira (guztira 14.913). Horrek esan nahi du kutsatutakoen % 83,6 sendatuta daudela edo alta eman dietela jada.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 136.274 PCR proba eta 78.969 test azkar egin zaizkie 108.305 pertsonari, horietatik 4.500 azken 24 orduetan. Gaur egun, 435 pertsona daude ospitaleratuta Euskadin, atzo baino 3 gutxiago; horietatik 364 gelan daude (4 gutxiago), eta 71 zainketa intentsiboetako unitatean (1 gehiago).
Lurraldeka, Araban 87 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 2 gutxiago), 354 hil dira (1 gehiago) eta 4.710 positibo atzeman dira (44 gehiago). Bizkaian, 274 pertsona ospitaleratu dituzte (aurreko balantzean baino 1 gutxiago), 797 pertsona hil dira koronabirusak jota (4 gehiago) eta 10.119 kutsatu dira (86 gehiago). Gipuzkoan erregistratu dira daturik baxuenak: 74 ospitaleratu zenbatu dituzte orain arte (aldaketarik gabe), 278 hildako (1 gehiago) eta 3.011 kasu (1 gehiago).
Nafarroan, berriz, hiru pertsona hil dira azken orduotan koronabirusaren eraginez, 493 guztira, eta 151 kasu gehiago atzeman dituzte (16 PCR proben bidez eta 153 test azkarren bitartez). Datu horiekin, orain arte baieztatutako kasuak 7.637 dira guztira (5.081 PCR proben bidez eta 2.556 test azkarren bitartez).
Gainera, 10 gaixo berri ospitaleratu dituzte Nafarroan, 2.039 pandemia hasi zenetik. Horietatik, 135 paziente zainketa intentsiboetako unitatean izan dira, Foru Gobernuak adierazi duenez, eta 85 azken orduotan sendatu dira.
Bestalde, azken orduetako hiru heriotzekin, 493 pertsona dira jada koronabirusaren eraginez hildakoak (kutsatuen % 6,46). Horietatik, % 68,15 (336 pertsona) ospitaleetan jazo dira, eta % 31,85 (157 pertsona) ospitaleetatik kanpo. Hildakoen adin-tartea 26 eta 107 urte bitartekoa da, eta batez besteko adina 83 da.
Espainiako Osasun Ministerioak PCR bidez baieztatutako kasu berriak jakinarazten ditu bakarrik. Proba horren bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen ala gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, uneotan duen edo dagoeneko sendatuta dagoen. Izan ere, test azkarrek pertsona batek hartutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.
Oharra: PCR testak eta test azkarrak batu dira grafikoan
Hildako kopuruak gora egin du Espainian
Bestalde, Espainian koronabirusak eragindako heriotzek gorakada txikia izan dute atzoko datuekin aderatuta, 176 pertsona hil baitira azken 24 orduetan. Gauzak horrela, Estatuan dagoeneko 26.920 pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren ondorioz. Osasun Ministerioak gaur goizean emandako datuen arabera, herrialdean 228.030 kasu baieztatu dituzte PCR proben bitartez, alegia, 426 positibo gehiago zenbatu dira egun bakar batean. Horrez gain, 138.980 paziente sendatu dira, 11.371 pertsona zainketa intentsiboetako unitatean artatu dituzte, eta 123.484 ospitaleratu behar izan dituzte.
Autonomia erkidegoei dagokinez, Madril da kasu gehien atzeman dituen eskualdea, dagoeneko PCR proben bidez baieztatutako 64.972 kasu positibo baitaude (48 kasu berri azken 24 orduetan), eta Katalunian 55.144 pertsona kutsatu zenbatu dituzte (337 kasu gehiago atzoko datuekin alderatuta).
"Beheranzko joera argia erakusten duten datuak, eta lurralde gehienak bide egokian daudela", esan du Fernando Simonek. Halaber, pandemiak eragin handiena izan duten erkidegoetan hildako gehienak biltzen direla nabarmendu du. Dena dela, Simonek ohartarazi du oraindik kasu berriak atzematen jarraitzen direla, eta, beraz, "transmisio arriskua" egon badagoela.
COVID-19 gaitzak 286.000 hildako baino gehiago utzi ditu dagoeneko nazioartean, eta 4.190.000 pertsona baino gehiago kutsatu dira, Johns Hopkins Unibertsitateak zabaldutako azken datuen arabera