Gizartea -

KORONABIRUSA

Bost hildako EAEn eta bi Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

Bestalde, 42 pertsonak eman dute positibo azken 24 orduotan Euskadin, eta, Nafarroan, berriz, 24 kasu berri atzeman dituzte aurreko balantzetik.

Pertsona bat Kontxako hondartzan (Donostia). Argazkia: EFE
Pertsona bat Kontxako hondartzan (Donostia)
Itxialdia hasi zenetik daturik onenak izan ditu EAEk heriotzetan eta PCR positiboetan

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiaren ondorioz, bost pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, orain arte, 1.423 pertsona hil dira. Halaber, 42 kasu positibo berri atzeman dituzte Euskadin (11 PCR proben bidez eta 31 test azkarren bitartez); horrenbestez, guztira 17.709 kasu baieztatu dituzte orain arte proba horien bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera (aurreko egunean 20:00ak arte bildutakoak).

Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan 72 pertsona sendatu dira (guztira 14.718). Horrek esan nahi du kutsatutakoen % 83,1 sendatuta daudela edo alta eman dietela jada.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 134.047 PCR proba eta 76.696 test azkar egin zaizkie 103.889 pertsonari, horietatik 2.095 azken 24 orduetan. Gaur egun, 438 pertsona daude ospitaleratuta Euskadin, atzo baino 3 gehiago; horietatik 368 gelan daude (7 gehiago), eta 70 zainketa intentsiboetako unitatean (4 gutxiago).

Lurraldeka, Araban 89 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 3 gehiago), 353 hil dira (2 gehiago) eta 4.666k eman dute positibo (17 gehiago). Bizkaian, 275 pertsona ospitaleratu dituzte (aurreko balantzean baino 9 gehiago), 793 pertsona hil dira koronabirusak jota (3 gehiago) eta 10.033 kutsatu dira (12 gehiago). Gipuzkoan erregistratu dira daturik baxuenak: 74 ospitaleratu zenbatu dituzte (3 gutxiago), 277 hildako (aldaketarik gabe) eta 3.010 kasu (3 gehiago).

Nafarroan, berriz, bi pertsona hil dira azken orduotan koronabirusaren eraginez, 490 guztira, eta 24 kasu gehiago atzeman dituzte (13 PCR proben bidez eta 11 test azkarren bitartez). Datu horiekin, orain arte baieztatutako kasuak 7.486 dira guztira (5.065 PCR proben bidez eta 2.421 test azkarren bitartez).

Gainera, 6 gaixo berri ospitaleratu dituzte Nafarroan, 2.029 pandemia hasi zenetik. Horietatik, 135 paziente zainketa intentsiboetako unitatean izan dira, Foru Gobernuak adierazi duenez, eta 56 azken orduotan sendatu dira.

Oharra: PCR testak eta test azkarrak batu dira grafikoan

123 pertsona hil dira Estatuan, bi hilabetean izandako daturik baxuena

Testuinguru horretan, Espainian 123 pertsona hil dira azken orduotan koronabirusaren ondorioz, martxoaren 17tik izan den kopururik baxuena (107 pertsona hil ziren orduan). Horrela, dagoeneko 26.744 pertsona hil dira COVID-19ak eragindako pandemia hasi zenetik.

Osasun Ministerioak gaur goizean emandako datuen arabera, herrialdean 227.436 kasu baieztatu dituzte PCR proben bitartez; alegia, 373 positibo gehiago zenbatu dira egun bakar batean. Hori da, hain zuzen ere, martxoaren 8az geroztik egunero baieztatutako kasuen daturik baxuena (323 positibo atzeman zituzten orduan).

Zehazki, ondorengo lau erkidego hauetan atzeman dituzte positibo berri gehienak: Katalunia (83), Gaztela eta Leon (78), Gaztela-Mantxa (44) eta Madril (31).

Astelehen honetan, 257 gaixo berri ospitaleratu dituzte Espainian (122.971 guztira), eta 20 paziente zainketa intentsiboetako unitateetan artatu dituzte. Hala, pandemia hasi zenetik 11.348 pertsona izan dira ZIUn koronabirusaren eraginez. Horrez gain, 137.139 pertsona sendatu dira (973 gehiago, azken 24 orduetan).

Koronabirusa zuten 123 pertsona hil dira Espainian, bi hilabetean kopururik baxuena
Koronabirusa zuten 123 pertsona hil dira Espainian, bi hilabetean kopururik baxuena
Koronabirusa zuten 123 pertsona hil dira Espainian, bi hilabetean kopururik baxuena

Lau milioi kutsatu baino gehiago nazioartean

COVID-19 gaitzak 280.000 hildako baino gehiago utzi ditu dagoeneko nazioartean, eta 4.000.000 pertsona baino gehiago kutsatu dira, Johns Hopkins Unibertsitateak zabaldutako azken datuen arabera.

Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) 19.800 positibo atzeman dituzte azken orduetan (guztira 1.320.000 dira jada), eta koronabirusaren eraginez hildakoen kopurua 80.000tik gertu dago jada (79.528). Dena dela, herrialde horretako estatuek konfinamendua arintzeko neurriak har ditzakete astelehen honetatik aurrera, bakoitzak bere erara, ekonomia suspertzen hasteko.

Orain arte baieztatutako kasu gehien dituen bigarren herrialdea Espainia da, 227.436 positibo eta 26.744 hildako zenbatu baitituzte bertan, eta Erresuma Batuak Italia aurreratu du, 220.449 positibo eta 31.930 hildakorekin. Ondoren, Italia dago laugarren, 219.070 kasu eta 30.560 hildakorekin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa