Gizartea -
Koronabirusa
Sindikatuek esan dute ez direla ikastetxeetara itzuliko osasun bermerik gabe
ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEILAS sindikatuek ohartarazi dute egun ez dagoela baldintzarik langileak eta ikasleak maiatzaren 18an klasera segurtasunez bueltatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 18rako iragarri zuen ikastetxeen irekiera, baina gaur sindikatuek esan dute langileak ez direla eskolara bueltatuko osasun bermerik gabe, eta Hezkuntza Sailari itzulerarako baldintzak negoziatzeko deia egin diote.
ELA, LAB, CCOO, UGT eta STEILAS sindikatuek ohar bateratua argitaratu dute, Cristina Uriarte sailburuak atzo aurkeztu zuen plana langileen ordezkariekin eztabaidatu eta adostu ez dutela kritikatuz.
Sindikatuen iritzian, egun ez dago baldintza nahikorik langileen eta ikasleen itzulera segurtasunez egingo dela ziurtatzeko.
"Segurtasunari lotutako irizpide orokor batzuk aipatzen ditu, baina ez da nahikoa. Aplikatu beharreko neurri horiek zentroekin hitz egin gabe eta horiek guztiak martxan jartzeko behar diren baliabideak aurreikusi gabe ezarri ditu, ardura guztia ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzaren esku utzita. Inprobisazioarekin eta arinegi egindako plana da", ohartarazi dute.
Gauzak horrela, sindikatuek adierazi dute "arduragabekeria" izango litzatekeela maiatzaren 18rako prestatu duten plana indarrean jartzea, "langileen eta ikasleen osasuna arriskuan egon litzatekeelako, eta, ondorioz, baita gizarte osoarena ere".
Ildo horretan, plan hori atzera botatzeko eta proposamen berria langileen ordezkariekin lantzeko eskatuko diote Hezkuntza Sailari. Hala egin ezean, mobilizazioak bultzatuko dituzte.
Ikastetxeek ere bermeak exijitu dituzte
Bestalde, Euskal Eskola Publikoko Zuzendarien Elkarteak (HEIZE) ere oharra kaleratu du ostiral honetan itzulera pertsona guztien osasuna bermatuta gauzatu behar dela azpimarratuta.
Elkarlanerako borondatea agertuta, neurri zehatzak ezarri behar direla esan du, eta, besteak bestek, hauek aipatu ditu: laneko arriskuen planaren baitan protokolo zehatzak lantzea; babeserako ekipamendu indibidualak bermatzea; langile guztiei koronabirusa detektatzeko testak egitea; instalazioak eta ikasleen garraiorako autobusak garbitzea eta desinfektatzea; eta pertsonen arteko distantzia betetzea.
Horrez gain, eskolan sartzeko eta irteteko ordutegiak malgutzea galdegin dute, pilaketak saihesteko eta instalazioetan mugimenduak kontrolatu ahal izateko.
Administrazioak segurtasuna bermatzeko baliabideak ematen ez baditu, zuzendariek azpimarratu dute zentroak ez direla ikasle eta langileek izan ditzaketen osasun arazoen erantzule egingo.