Gizartea -

Elkarrizketa

"Egoera honek orain arteko baloreak zalantzan jartzen laguntzen digu"

Konfinamenduak gizartean eragingo dituen aldaketez eta etorkizunean izan ditzakeen ondorioez hitz egin dugu Juan Carlos Alonso psikologoarekin.

Juan Carlos Alonso psikologoa. Argazkia: eitb.eus
Juan Carlos Alonso psikologoa. Argazkia: eitb.eus
Juan Carlos Alonso psikologoa. Argazkia: eitb.eus

Manu Gimenez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 14an Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak koronabirusaren krisiagatik konfinamendua ezarri zuenetik, hamaika gorabehera izan dira: enpresak itxi, berriro ireki, aurrez aurreko eskolak bertan behera… Herritarron ohiturak goitik behera aldatu dira, eta litekeena da egoera honek luze jotzea, eta egoera honetatik ateratzen garenean, berdinak ez izatea.

Horren harira, Juan Carlos Alonso psikologo eta hezitzaile errenteriarrarekin hitz egin dugu, itxialdi honen ondorioez argibide batzuk jasotzeko.

Zeintzuk dira, zure ustez, une honetan herritarrok ditugun arazo psikologiko nagusiak?

Inoiz bizi izan ez dugun egoera berezi batean gaude, eta normala denez, arazo psikologikoak sortzen ari dira helduen eta haurrengan hainbat faktoreren arabera. Arazoak sortarazten dituztenen artean egon daitezke krisi ekonomikoa, gaixotasuna bera, heriotza… Hor bi faktore nagusi aipatuko nituzke: alarma egoera eta konfinamendua, alde batetik; eta etorkizunarekiko ziurgabetasuna (lanarekiko eta ekonomiarekiko, osasunarekiko, harreman sozialak berreskuratzeko, etab.), bestetik.

Konfinamendua hasi zenean, martxoaren erdialdean, norbanakoak zuen egoera ere kontuan izan beharko da.

Egoeraren ezaugarriez gain, faktore psiko-emozionalak ere kontuan izan behar dira, tartean pertsonaren ezaugarri psikologikoak, bikote edo familia arteko harremanak eta dinamikak, zailtasun ekonomikoak, etxebizitzaren baldintza fisikoak… Horien guztien ondorioz, antsietate, estres eta depresio sintomak nagusitzen ari dira, eta bikote edo familia barruko gatazkak ere ugari daitezke.

Eta ba al dago etxean itxita denbora luzez egotearekin zuzenean lotuta dagoen arazo edo gaitz berezirik, bestela normalean sortzen ez denik?

'Etxolaren sindromea' deritzona sor dezake konfinamenduak. Pertsona bat denbora luzez leku batean isolatuta dagoenean, isolamendu soziala luzatzen denean, gertatu daiteke. Sindrome horren sintomak urduritasun krisia, depresio une arinak, pentsamendu irrazionalak, suminkortasuna, autokontrol eza eta beldurrak dira, beste batzuen artean, eta berriro kalera ateratzeko beldurra eragin dezake.

Elkarbizitza horren intentsitate handikoa denez, harreman afektiboetan ere gorabeherak izango direla pentsa daiteke.

Orokorrean ez gaude ohituta hainbeste ordu etxe barruan egotera. Egoera zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta arrisku gehiago dago familiaren elkarbizitzan arazoak agertzeko hainbat egoerengatik: etxeko arduren banaketa, telelana… Luze egiten da, eta ondorioz, liskarrak azaltzeko arriskua handiagoa da. Konfinamenduaren luzapenak neke psikologikoa sor dezake, suminkortasuna areagotuz, eta harreman afektiboei kalte egin aurretik, familietan onartu egin behar dira horrelako egoerak, denbora bat hartu, eta, ahal den heinenean, urruntze espaziala baliatu (logelara joan…) lasaitzeko, arnasa hartzeko.

Baina dena ez da txarra izango, ezta?

Konfinamenduak bere alde onak ere izan ditzake. Orain arte, bikotearekin, seme-alabekin edo lagunekin egoteko denborarik ez genuelako kexatu izan gara. Itxialdian, berriz, denok etxean egonda, halabeharrez, eskura etorri zaigu aukera hori. Aprobetxa dezagun bada, kantitate eta kalitatezko denbora hori elkarrekin egoteko, harreman afektiboak indartzeko eta sakontzeko.

Gainera, teknologia berriek asko erraztu dute etxe barrukoak ez diren harremanak ez galtzen, ala?

Teknologia berrien alde onenak agerian geratu dira egoera honetan. Nahiz eta harreman afektiboak sortzeko, mantentzeko edo sakontzeko, ezinbestekoa den komunikazio eta kontaktu fisiko zuzena; izan ere, ez-ahozko komunikazioa behar-beharrezkoa da, eta gabezia hori teknologia berriek arindu dute. Pertsonen artean komunikatzeko eta harremantzeko beharra ahalbideratu dute teknologia berriek, eta ikusi besterik ez dago zenbat areagotu den Interneten eta sare sozialen erabilera (whatsapp, bideo-elkarrizketak…). Aisialdia, umorea eta "tele-pintxopoteak" ere partekatzen ari gara orain, eta horrek egoera honen ondorio psikoemozional txarrak prebenitzen edo, gutxienez, arintzen lagundu du.

Baina bestalde, alderdi negatiboena ere aipatu beharra dago, eta hor teknologia berriekiko menpekotasuna eta adikzioa daude. Ez dira gutxi, haurrak, nerabeak eta helduak, egunotan teknologia berrien gehiegizko erabilera azaltzen dutenak (bideojokoetan bereziki, baina hainbat plataformetan bideoak edo telesailak ikusten).

Beraz, argi dago etxean itxita egoteak gugan eragin handia duela. Hau dena amaitzen denean edo amaitu bitartean, gizartea nola aldatuko da?

Krisialdiak aukera bezala hartu behar ditugu. Bizitzan aldaketak egiteko aukerak dira. Krisiek gizakiak eraldatzeko, berritzeko eta hobetzeko balio dute. Orain, eskuartean dugu aukera hori. Bizi dugun egoera honek erakusten digu zein ahulak garen. Gizakia ahalguztiduna zela pentsatzen zuenak, seguru zalantzan jarriko duela sentsazio hori aurrerantzean.

Entzuten, ikusten eta bizitzen ari garenak orain arteko baloreak zalantzan jartzeko aukera ematen digu. Besteak beste, zein garrantzitsua den osasuna, eta maite ditugun pertsonen ondoan egotea, zaintzea, besarkatzea… Lanbide batzuek duten garrantzia (osasun arlokoak, zerbitzuetakoak, garbitzaileak, hezitzaileak…).

Naturaren zaintzaz ere ohartu gara, kontaminazioa gutxitzeak duen garrantziaz; eta baita beharra duenari laguntza ematea, musu-truk duguna ematea, bizilagunekin hitz egitea eta elkarrekin txalo egitea. Hemendik aurrera balore horiek praktikan jartzeko eta gure bizimoldeetan eransteko eta mantentzeko aukera paregabea dugu. Horrela izan bedi!

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba EAE Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa olatu berria