Gizartea -
Pandemia
Urkulluk uste du badaudela "ikuspegi positiboari eusteko datuak"
Lehendakariak hiru datutan oinarritzen du ikuspegi hori: kutsadura kopuruaren hobekuntza, senda-agiri gehiago ematen direla ospitaleratzeak baino, eta ZIU oheen plana beharrari erantzuten ari zaiola.
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak uste du COVID-19aren pandemiaren "hiru aste oso gogor" igaro ostean, "zuhurtzia osoz bada ere", "ikuspegi positiboa" izateko "zantzu objektiboak" daudela, nahiz eta ez den "guardia jaitsi behar".
Horixe adierazi du lehendakariak Euskadiko Babes Zibileko Planaren bileran, Gasteizen, Nekane Murga eta Estefania Beltran de Heredia Osasun eta Segurtasun sailburuak, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Eudelen presidentea eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn uden ordezkaria bertan zirela.
Martxoaren 13an osasun krisia hasi zenetik egin duten laugarren bileran, Urkulluk esan du hiru datutan oinarritzen dela "ikuspegi positiboa" izateko. Lehenik, COVID-19arekin kutsatutakoen kopuruak "hobera" egin izana martxoaren 25etik, kopuru altuena atzeman zenetik.
Egun horretan, Urkulluk gogorarazi duenez, egin ziren testen erdiak positibo eman zuten, eta zortzi egun geroago herenera jaitsi da kopuru hori.
Hirugarren faktorea da "azken asteotan lehenengo aldiz" senda-agiri gehiago eman dituztela izan diren ospitaleratzeak baino. Hirugarrena eta azkena, zainketa berezien unitateak indartzeko plana "beharrari erantzuten" ari zaiola.
Adinekoak
"Dena dela, ez dugu guardia jaitsi behar", adierazi du Urkulluk, gaixotasunarekin hil direnen kopuruagatik atsekabea agertu aurretik.
Bereziki kezkatuta agertu da adinekoekin, hildakoen % 87 70 urtetik gorakoak baitira. Izan ere, adinekoen erresidentziak dira "kezka foku nagusietakoak" Eusko Jaurlaritzarentzat, Osakidetzako langileekin batera.
Urkulluk esan du Jaurlaritzak eta aldundiek erresidentzietan "arreta duinagoa, profesionalagoa eta zuzenagoa" emateko konpromisoa dutela.
Osasun alorreko langileak
Osasun alorreko langileen kasuan, prebentzio neurriak indartzen jarraituko dutela hitzeman du lehendakariak, eta horretarako "test gehiago" egingo dituztela, eta "babes materiala" helaraziko dietela.
Era berean, lan egiteko "baldintzak hobetzeko beharrezko neurriak" hartu omen dituzte, eta plantilla indartu.