Gizartea -
KORONABIRUSA
44 hildako EAEn eta 17 Nafarroan, azken orduetan
Pandemia egonkortu egin daitekeela uste du Eusko Jaurlaritzak, eta datu txarrak testen gorakadari eta gaixoen larriagotzeari egotzi dizkio.
EITB.EUS
Koronabirusaren pandemia dela eta, 518 positibo gehiago zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan, eta 369 dira hildakoak jada, bezperan 44 hil ondoren, pandemia hasi zenetik kopururik handiena, hain zuzen.
6.838 pertsona kutsatu dira EAEn, eta sendatutako eta alta emandako pertsonen kopurua 2.165 da, Espainiako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera. Ospitalean, berriz, 1.908 lagun daude, bezperan baino 103 gutxiago.
Datu horiek publiko egin aurretik, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak dagoeneko ohartarazi du asteazkeneko zenbakiak ez zirela aurreko egunetakoak bezain "onak" izango, eta atzoko egunean 1.500 test egin zituztela esan du, orain arteko kopururik altuena, baina, era berean, esan du egin diren testen positiboen portzentajea "itxaropentsuagoa" dela.
Hortaz, Pandemia egonkortu egin daitekeela uste du Eusko Jaurlaritzak, eta datu txarrak testen gorakadari eta gaixoen larriagotzeari egotzi dizkio.
Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 2.250 positibo daude (bezperan baino 145 gehiago), 369 ospitaleratuta. Bizkaian, 3.382 positibo daude (280 gehiago), 1.179 ospitalean. Gipuzkoan, 1.206 positibo daude (93 gehiago), 360 ospitalean.
Nafarroan ere gora egin dute hildakoek
17 pertsona hil dira azken 24 orduetan Nafarroan, koronabirusa dela eta. Hala, oraingoz 130 dira birus horren ondorioz Foru Erkidegoan hildakoak, Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.
Guztira, 2.497 pertsonak eman dute positibo, azken 24 orduetan 192 positibo gehiago izan baitira. Positibo horien artean, 1.120 ospitaleratu dituzte, eta horietako 104 zainketa intentsiboetako unitatean sartu dituzte, bezperan baino bost gehiago.
Sendatu diren gaixoen kopurua 192 izatetik 236 izatera pasatu da Foru Erkidegoan.
100.000 biztanleko intzidentzia metatua 322.68 da Nafarroan, Espainiako batez bestekoaren gainetik (188,02).
Egun batean hildakoen marka hautsi du Espainiak
Espainian, 102.136 koronabirus kasu zenbatu dituzte, hau da, astelehenean baino 7.719 gehiago, Osasun Ministerioak asteazken honetan argitaratutako azken datuen arabera. Gainera, dagoeneko 9.000 hildakotik gora zenbatu dituzte (9.053, hain zuzen, atzo baino 864 gehiago eta eguneko markarik handiena).
Izan ere, 22.647 pertsona sendatu dira, bezperan baino 3.388 gehiagok jaso baitute etxera joateko baimena, eta 5.872 paziente zenbatu dituzte zainketa intentsiboetako unitatean, astelehenean baino 265 gehiago.