Gizartea -
Pandemia
Indarkeria matxistaren biktimek erreztasunak izango dituzte laguntzak jasotzeko
Jaurlaritzak kudeaketa telematikoki egiteko bidea ireki die indarkeria matxistaren biktimei covid-19aren osasun krisiak irauten duen bitartean.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dagoenak, indarkeria matxista jasaten duten emakumeentzako dirulaguntzak eskatzeko bideak erraztea erabaki du, koronabirusaren ondorioz ezarrita dagoen alarma-egoerak irauten duen bitartean.
Malgutasun neurri horiekin, administrazio epeak geldirik eta sarrera fisikoen (ohiko sarbidea) erregistroak martxan ez dauden arren, indarkeria matxistaren biktimek bermatuta izango dituzte dirulaguntzak.
Aurrerantzean, izapide guztiak modu telematikoan egin ahalko dituzte. Horrela, laguntza eskatzeko aurkeztu behar ziren dokumentuak Internetez bidali ahalko dira, eta horretarako savvg@euskadi.net helbidea jarri dute martxan.
Dirulaguntza horien helburua diru-sarrerarik ez edo diru-sarrera txikiak dituztenei laguntzea da, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria jasaten duen emakumeak independizatzeko eta bizitza berri bat hasteko baliabideak izatea.
"Ordainketa bakarrekoa" da laguntza hori, eta "tratu txarrak bizi dituen emakumeari hortik ateratzeko bidea" ematea da helburua, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez. Arau berezi hori alarma-egoeran egongo da indarrean.
Indarkeria matxistaren biktimek arreta berezia jasotzen dute Lanbiden ere, orientaziorako trebatutako langileak baitaude bertan. Aurrez aurreko zerbitzua etenda badago ere, webgunearen edo telefonoen (945 160 600 / 630 305 452) bitartez jo dezakete enplegu zerbitzura.