Gizartea -
Koronabirusa
Osasun krisia gainditzeko "konfiantza eta sosegua" eskatu ditu Urkulluk
Gainera, erakundeen arteko lankidetza aldarrikatu du lehendakariak, eta batzen dituena lehenesteko eskatu die erakundeei, krisiaren "unerik okerrenetan".
Agentzia | Erredakzioa
"Konfiantza eta sosegua" izateko hamar arrazoi zerrendatu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan: "konpromisoa, herritarren zintzotasuna, osasun zerbitzuen gaitasuna, ospitaleetako lekua, ZIUak, hornidura, lankidetza, erantzun ekonomikoa, gizarte kohesioa eta elkartasuna".
Urkulluren hitzetan, "urduritasun eta albiste negatiboetan murgilduta, konfiantza eta sosegurako hamar arrazoi dira". "Itxaropenerako hamar arrazoi dira", berretsi du agintariak. "Erakundeek eta gizarteak jarraitu beharreko bidea da", azpimarratu duenez.
Gainera, erakundeen arteko lankidetza aldarrikatu du lehendakariak, eta batzen dituena lehenesteko eskatu die erakundeei, koronabirus krisiaren "unerik okerrenetan". Garaipena herritarren konpromisoaren eskutik etorriko dela uste du EAEko buruzagiak. Pandemiari eusteko estrategiak emaitzak ematen hastea espero du lehendakariak.
Aholkularitza Batzordeak bilera egin du ostiral honetan. Euskadiko Babes Zibil Planaren zuzendari bakar gisa parte hartu du lehendakariak. Plana martxoaren 13an jarri zuten martxan, koronabirusari aurre egiteko larrialdi egoera ezarri ondoren.
Duela bi aste, martxoaren 14an, Mahaia osatu zuten, eta erakundeen arteko lankidetzarako oinarriak jarri zituzten, koronabirus izurriteari "aurre egin, eta geldiarazteko".
Zentzu horretan, bi astetan "pentsaezinak" ziren neurriak hartu dituztela gogorarazi du Urkulluk. "Hezkuntza zentroak itxi genituen, osasun larrialdia ezarri, Euskadiko babes zibil plana martxan jarri, isolamendu eta konfinamendu neurriak hedatu. Espainiako Gobernuak alarma egora indarrean jarri zuen, nabarmendu du.
Lehendakariaren ahotan, herritar gehienek "15 egun ia etxetik atera gabe eman dituzte". Gainera, Jaurlaritza egunero baieztatutako kasu positiboen, hildakoen eta izurritearen bilakaeraren berri ematen ari da, erantsi duenez.
"Herritarrek egunero albiste tristeak, erdiragarriak edo kezkagarriak entzun behar dituzte. Benetan egoera oso gogorra da, gure belaunaldian ez du aurrekaririk. Osasun larrialdi eta urduritasun egoera sakona bizi dugu", onartu du.
Testuinguru honetan, "krisia gainditzeko konfiantza soziala eta sosegua berebizikoak dira", esan du lehendakariak. "Konfiantzarako eta patxadarako arrazoiak indartzea erakundeen zeregina da, baita mahai honena ere. Erantzukizunez eta lankidetzan aritu behar dugu, batzen gaituena banatzen gaituenaren aurretik lehenetsi", gaineratu du.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernurako sailburuak, Nekane Murga Osasun sailburuak, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, eta Sabino Torre, Iñaki Berraondo eta Josu Zubiaga, hurrenez hurren, Erregimen Juridiko, Osasun eta Segurtasun sailburuordeek hartu dute parte bileran.
Era berean, Ramiro Gonzalez (Araba), Markel Olano (Gipuzkoa) eta Unai Rementeria (Bizkaia) ahaldun nagusiak; Gorka Urtaran Eudeleko presidentea eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria bileran izan dira.