Gizartea -
Koronabirusa
18 atxilotu eta 988 isun orain arte EAEn konfinamendua ez betetzeagatik
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak herritarren portaera "eredugarria" nabarmendu du, eta iragarri du polizia-kontrolak egiten jarraituko dutela.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak eta Udaltzaingoek 18 lagun atxilotu dituzte orain arte koronabirusaren epidemiak eragindako alarma-egoeragatik ezarritako neurriak betetzen direla bermatzeko egindako jarduketa espezifikoetan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ostegun honetan adierazi duenez; halaber, 988 isun ipini dituzte, gehienak 600 eurokoak.
Ostegun honetan lehendakariarekin eta Osasun sailburuarekin batera egindako agerraldian, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak nabarmendu du euskal herritar gehienek "portaera eredugarria" erakutsi dutela eta adierazi du kontrolak "eraginkorrak" izaten ari direla. Gauzak hala, ezarritako zigorrak "salbuespenak" dira. Nolanahi ere, polizia-kontrolak egiten jarraituko dutela iragarri du.
Ertzaintzak herritarrei gogorarazi dienez, alarma-egoerak ezarritako konfinamendua "ohiko bizilekuan" bete behar da, eta debekatuta dago "oporretarako bizilekura" joatea.
Beltran de Herediak zehaztu du herritarrak hartu behar diren neurriekin "konpromisoa" erakusten ari direla. Neurri horiek beharrezkoak dira birusaren hedapenari aurre egiteko: "Ertzaintza eta Udaltzaingoak koronabirusa ez hedatzeko ari dira lanean, bai eta herritarrei laguntza emateko ere. Neurriak ez badira betetzen, zigor horiek ezartzen ari dira", azaldu du.
Kontrolak egiten jarraituko dute
Testuinguru horretan, azaldu du kontrolak egiten jarraituko dutela, konfinamendu-neurriak edo osasun-agintariek zehaztutako beste neurri batzuk indarrean dauden bitartean.
"Orain arte, erabateko ardura ari dira erakusten herritarrak. Ez dut zalantzarik eta uste dut berdin jarraituko dugula", berretsi du.