Gizartea -
Koronabirusa
Osakidetzak koronabirusaren 3.500 proba egin ditu, Europako batezbestekoa laukoiztuta
Milioi bat biztanleko 1.270 proba gauzatu ditu Osakidetzak, Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez; Europako batez besteko adierazlea milioi bat biztanleko 350ekoa da.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzak, orain arte, koronabirusaren 3.500 proba egin ditu, hau da, milioi bat biztanleko 1.270 bat proba. Nekane Murga Osasun sailburuak zehaztu duenez, Osakidetzak Europako batezbestekoa laukoiztu du, datu horiekin; izan ere, europar batez besteko adierazlea milioi bat biztanleko 350 probakoa da. Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Murgak esan duenez, Osakidetzak, astelehenean, "aurreko asteotan izandako erritmoari eutsi genion, agian proba gehiago ere egin genituen".
Azaldu duenez, "une honetan sintomak dituzten pertsona gehiago daudela kontuan izanik, lehentasuna ari zaie ematen arrisku handiagoa dutenei, edo kontu handiagoa izan behar duten taldeetako herritarrei".
"Probak egiteko, ahulenak diren taldeak ari gara lehenesten, bai eta osasun-langileak ere. Azken horiekin, asmoa da ez kutsatzea gaixoei, sintomak izanez gero", adierazi du.
Bestalde, Osasun sailburuak azaldu du une honetan Osakidetza ez dela sare pribatua erabiltzen ari, "koronabirusa duten gaixoak bertan ospitaleratzeko"; nolanahi ere, "sare pribatuaren gertakizun-planak ditugu, eta langileak ezagutzen ditugu; badakigu zer eman dezaketen profesional horiek".
Murgak esan du "Euskadi osoko baliabideak" ari direla aztertzen, baina Osakidetzak "37 urte ditu, eta baliabideak egokitu ditu, erantzun ahal izateko". Testuinguru horretan, nabarmendu du "duela aste batzuk" hasi zirela "koronabirusaren lotutako egoerak berriro egokitzen, horiei berme handiagoarekin heldu ahal izateko".
"Itxaropentsu", azken datuekin
Euskadin, koronabirusaren kasuak Estatuan baino motelago ari dira hazten; horren aurrean, Murgak esan du ez direla "arinegi ibili behar", baina onartu du datuak "itxaropena" ematen diela: "Pentsatzeko modukoa da bide onean gabiltzala, egonkortze horri erreparatuta". Berretsi du ez direla proba gutxiago egiten ari: "Atzo, aurreko egunetan baino gehiago ere egin genituen", zehaztu du.
Galdetu diote euskal ospitaleetan COVID-19arekin loturik ez dauden larrialdiei aurre egiteko nahikoa ebakuntza-gelak ote dauden; azaldu duenez, Osakidetzaren ebakuntza-gelak, "batez ere, koronabirusarekin loturik ez dauden kasuetarako, nahikoak dira, egunero erakusten denez".
Hala ere, argitu du une honetan aztertzen ari direla "zein ebakuntza atzeratu ahal ditugun"; izan ere, pandemia dagoenez, arriskua handiagoa dago pertsona guztientzat, eta baliteke beste une bat egokiagoa izatea. Saihestu ahal bada, hobe, pazientearentzat eta senideentzat”.
Herritarren koronabirusaren gaineko zalantzei erantzuteko telefonoari dagokionez, Murgak esan du 50.000 bat dei jaso dituela Osasun Kontseiluak otsailaren 26tik: "Txanda guztietan, telefono horretan erantzuten duten pertsonen kopurua hirukoiztu egin dugu".
Telefono horretan lan egiten duten Osasun Kontseiluko erizainak gaixoen historia klinikoarekin dabiltza, protokoloak dituzte, eta laguntza-sarearekin batera egiten dute (lehen mailako arretako sarearekin, larrialdietako sarearekin eta ospitale-sarearekin). Horrez gain, "'call center' bat gehituko da; 42 lagun gehiagok deiak banatuko dituzte, identifikatzeko zeintzuk diren profesional espezifikoentzat, eta zeintzuk izan daitezkeen gainerako profesionalentzat”.
Halaber, nabarmendu duenez, osasun-zentro batzuetan, batez ere Gasteizkoetan, "arnasketa-sintomak dituzten pertsonei erantzuna ematen ari zaie"; hortaz, gomendatu die gasteiztar herritarrei euren osasun-zentroetara deitzeko: "Bertan, profesional batek egokituko du behar duten erantzuna".
Gainera, Osasun sailburuak eskatu die gazteei, "sintoma gutxi badituzte, itxaroteko, eta aztertzeko merezi duen deitzea eta baliabideak erabiltzea".