Gizartea -
Koronabirusa
Zer da osasun larrialdi egoera eta Eusko Jaurlaritzari ematen dizkion tresnak
Exekutiboak pertsonak etxeetan edo toki seguruetan konfinatzeko aukera izango du, baita arrisku guneetatik herritarrak ateratzeko edo urruntzeko ere.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera jarri du indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan gaur, astelehena, koronabirusagatik. Exekutiboak pertsonak etxeetan edo toki seguruetan konfinatzeko aukera izango du, baita arrisku guneetatik herritarrak ateratzeko edo urruntzeko ere.
Zehazki, hauxe dio Larrialdiak Kudeatzeko Legearen zortzigarren artikuluak:
1.– Babes zibilaren arloko agintaritza eskudunak herritarren eskubideei eragiten dieten jarraibide eta oharrak eman ahal izango ditu legeetan ezarritakoaren arabera, bai eta hartzaileek derrigor bete beharko dituzten neurriak hartu ere, aplikatu beharreko planean ezarritakoaren edo hondamendiak gertatzen direnean aktibatutako babes zibileko plan baten arabera, edo larrialdiak edo babestu beharreko ondasunek sortzen dituzten beharrek hala eskatzen dutenean.
2.– Besteak beste, honako neurri hauek hartu ahal izango ditu:
a) Pertsonak beren etxeetan edo leku seguruetan konfinatzea.
b) Pertsonak arrisku-lekuetatik ebakuatu edo urruntzea.
c) Arriskuko edo ekintzako eremuetarako sarbidea mugatzea.
d) Zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera edo ondasunen kontsumoa mugatu edo baldintzatzea.
e) Leku jakin batzuetan jarduerak mugatu edo debekatzea eta arreta, prebentzio edo jokabide jakin batzuk hartzeko betebeharra ezartzea.
3.– Manu honetan aipatzen diren neurriak zorrozki mugatuak egongo dira larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa den denbora-tartera; halaber, neurriok arriskuaren araberakoak izango dira, eta ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik emango.