Gizartea -
Koronabirusa
Zergatik utzi dituzte eskolak bertan behera adingabeak ez badira arrisku-taldea?
Neurriaren helburua da koronabirusa helduen artean ez hedatzea, ia sintomarik ez duten ume eta gazteek osatutako kutsadura-fokua geldiaraziz.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzak eskola guztiak bertan behera utzi ditu Euskadiko hezkuntza zentro guztietan, koronabirusagatik.
Neurriaren jomuga ez dira, berez, adingabeak; xedea da, bereziki, COVID-19 gaitza helduen artean ez hedatzea. Koronabirusa duten adingabeek ez dute ia sintomarik, eta, ondorioz, oso zaila da jakitea gaixotasuna pairatzen ari direla, baina helduak kutsatu ahal dituzte, nagusiak eta gaixo kronikoak barne. Azken bi horiek dira arriskurik handiena dutenak.
Hala, agintariek aurreikusten dutenez, adingabeen balizko kutsadura-fokua geldiarazita, koronabirusa gutxiago hedatuko da helduen artean, edo moteldu egingo da, behintzat.
Aitona-amonentzako gomendioak
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astearte honetan Radio Euskadin zehaztu duenez, euskal umeen % 99,9k ez dute COVID-19 gaixotasuna, eta, hortaz, familietako nagusiek, aitona-amonek barne, eskolarik izango ez den bi asteetan zaindu ahalko dituzte. Hala ere, Murgak azpimarratu du arreta-neurriak oso kontuan izango behar direla: garbitasuna zaindu behar da, eta adingabeekiko aldea ohi baino handiagoa izan behar da. Umeek sintomarik izatekotan, aitona-amonek ez lukete euren gain hartu beharko horiek zaintzeko ardura.
BIDEOA | Murga: ''Haurrak ondo badaude, aitona-amonek zaindu ditzakete, kontuz ibiliz''
Oraingoz, ikastetxeak irekita dauden lekuetan, Eusko Jaurlaritzak aholkatu du adingabeei egunero hartzea tenperatura, eskolara joan aurretik, eta, sukarrik izatekotan, hamarren batzuk badira ere, eskolara ez bidaltzeko eskatu du.