Gizartea -
Koronabirusa
Galdakaoko Ospitaleko bi solairutako langileak koarentenan jarri dituzte
Larrialdietako langile batzuk ere isolatu dituzte. Ospitale horretan izan da koronabirusak eragindako lehen heriotza Euskal Herrian.
EiTB.EUS
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Galdakaoko Ospitaleko bi solairutako langileak eta Larrialdietako zerbitzuko hainbat koarentenan jartzea erabaki du, koronabirusa ez kutsatzeko, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez.
Ospitale horretan izan da COVID-19 gaixotasunak eragindako lehen heriotza Euskal Herrian; hain zuzen ere, hildakoa, gaixo kronikoak pairatzen zituen 82 urteko gizon bat bera, asteazkenean zendu zen bertan.
Une honetan 30 lagun daude koronabirusak kutsatuta Euskal Herrian, eta horietatik lau larri daude (hiru EAEn, eta beste bat Nafarroan): 20 kasu daude Araban, bost Bizkaian, bi Gipuzkoan, bi Nafarroan, eta bat Lapurdin. Halaber, Txagorritxuko Ospitalean lan egiten duten eta Errioxan eta Burgosen bizi diren beste bi lagunek ere positiboa eman dute.
Eguerdian prentsaurrekoan Nekane Murga Osasun sailburuak zehaztu duenez, EAEn isolatuta dauden osasun-langilerik gehienek Araban egiten dute lan; hori bai, batzuk hasi dira jada lanpostuetara itzultzen.
Murgak ez du esan Osakidetzako zenbat lagun dauden egoera horretan. Asteazkenean 100 bat ziren.