Gizartea -
Zaldibarko luizia
Koordinazio batzordetik kanpo utzi dutela kritikatu du Elgetako alkateak
Batzorde horretan Zaldibar, Ermua eta Eibarko alkateek hartzen dute parte, baina Elgetakoak ez, udalerri hori ere zabortegiaren ondoan egon arren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iraitz Lazkano Elgetako alkatea haserre agertu da Zaldibarko zabortegiko luiziak eragindako ondorioak kudeatzeko koordinazio batzordean parte hartzeko deitu ez dutelako.
Komunikabideetara igorritako gutun batean, Lazkanok azaldu du Eusko Jaurlaritzak otsailaren 10ean bildu zuen lehen aldiz batzorde hori eta, besteak beste, Zaldibar, Ermua eta Eibarko alkateak bertan parte hartzera deitu zituela. Gauzak horrela, eta Elgeta zabortegiaren ondoan dagoela kontuan hartuta, foro horretan egon nahi zuela jakinarazi zuen Udalak.
Handik bi egunetara beste idatzi bat igorri zuten, berriro ere batzorde horretan parte hartu nahi zutela jakinaraziz eta Elgetako airearen kalitatea neurtzeko eskatuz. "Oraindik ez dugun erantzunik jaso", deitoratu du.
Horrez gain, neurketak Udalari jakinarazi gabe egin zituztela eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak otsailaren 14an egindako gomendioak "sare sozialen bidez" ezagutu zituztela salatu du. Halaber, airean dioxina eta furano kopuru altuak antzeman zituztela "iturri ez ofizial baten bidez" jakin zuela erantsi du.
Astearte honetan telebista ikusten ari zela jakin du Elgeta krisi mahaian egotera gonbidatu dutela eta hurrengo bilera udalerri horretan izango dela. Alabaina, "inor ez da Udalarekin harremanetan jarri eta guk ez dugu gonbidapenik edo jakinarazpenik jaso", salatu du. "Elgetarrok ez dugu horrelakorik merezi", erantsi du.
Amaitzeko, bere elkartasuna adierazi die luizian desagertu ziren bi langileen familiei eta zabortegian lanean ari diren erreskate taldeetako kideei eta behargin guztiei.