Politika -

Zaldibarko luizia

Urkullu: "Asko sentitzen ditut operatibo honetan egin ahal izan ditugun akatsak"

Lehendakariak nabarmendu duenez, lehentasuna "bi desagertuen erreskatea eta operatibo horretan parte hartu duten pertsonen" eta inguruko bizilagunen "segurtasuna" izan da.

Urkullu, agerraldiaren une batean. Argazkia: EFE
Urkullu, agerraldiaren une batean.
Urkulluk bere Gobernuak Zaldibarren egindako ''akatsak'' deitoratu ditu

30:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, Zaldibarko luiziaren krisian "lehentasuna bi desagertuen erreskatea izan da eta operatibo horretan parte hartu duten eta parte hartzen ari diren pertsonen" eta inguruko bizilagunen "segurtasuna" izan da. Dena dela, prest agertu da "autokritika" egiteko, eta erantsi du "asko sentitzen" dituela operatibo honetan egin ahal izan dituzten akatsak.

Lehendakaria agerraldia ari da egiten Diputazio Iraunkorrean, oposizioko taldeek eskatuta, otsailaren 6an gertatutakoaren kudeaketari buruzko azalpenak emateko.

Urkulluk Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hondakinen artean desagertuta jarraitzen duten bi langileak izan ditu gogoan agerraldiaren hasieran. Lehendakariaren esanetan, "talde guztiak atsedenik gabe ari dira lanean, Alberto eta Joaquin bilatzen ere aurrera egin nahian. Bidean jarritako oztopo guztiak gainditzen ari dira: bat-bateko suteak, lurraren ezegonkortasuna, bilaketa zailtzen duten arriskuak edo hainbat gunetako egonkortze lanak egin behar izateak".

Kudeaketaren xehetasunak eman ostean, "autokritika egiteko" arazorik ez duela erantsi du: "Asko sentitzen ditut operatibo honetan egin ahal izan ditugun akatsak. Ulertzen dut inguruko herritarren kezka, eta, bereziki, desagertutako bi langileen familiena".

Urkulluk esan du otsailaren 6an gertatutakoa eta horren ondorioak "salbuespenezkoak" izan direla. "Salbuespenezkoa izan da, halaber, Administrazioaren jarduketa guztia subsidiarioki gertatu delako. Berriro diot: Verter Recycling SL enpresa da zabortegi horren jabe eta kudeatzailea; gure parte-hartzea subsidiarioa izan da", adierazi du.

Zaldibarren gertatutakoa "tragedia" izan dela azpimarratu ostean, horrelakoen aurrean bi aukera daudela erantsi du: "zatiketa edo batasuna". Hori horrela, adierazi du berari dagokiola "zoritxarraren aurrean elkarlana eta batasuna bultzatzea", eta gizarteari eta indar politikoei "batasunetik" erantzuteko deia egin die.

Ildo horretan, "erakundeen arteko erantzun koordinatua" eta "tokian bertan jarduten duten pertsona guztien jokabide profesional eredugarria" aldarrikatu ditu.

Urkullu eta Egibar, agerraldian.

Urkullu, Joseba Egibar EAJren legebiltzarkideari entzuten, agerraldia hasi baino lehen. Argazkia: EFE

Ikerketa abian

Zaldibarko zabortegia amildu osteko ordu eta egunetan hartutako erabakiak eta neurriak xehatu ditu lehendakariak. Azaldu duenez, luiziaren berri jakin eta berehala, "krisi mahai bat martxan jartzeko erabakia hartu genuen, baita larrialdietarako protokolo guztiak abiatzea ere". Mahaia otsailaren 6ko 19:30ean bildu zen, eta neurri hauek adostu zituen: langileen erreskateari lehentasuna ematea, desagertutako bi langileen familiekiko harremanetarako protokoloa ezartzea, suteak itzaltzeko lanak abiatzea, enpresarekiko eta udalekiko harremana bermatzea, istripuaren arrazoiei buruzko ikerketa hastea, osasun publikoaren azterketa egitea (airearen eta uraren kontrolak) eta autobideko segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea.

Gertatutakoaren nondik norakoak ikertzeko egindakoen inguruan, Urkulluk zehaztu du Ertzaintzak "zailtasunak zailtasun, hasieratik abiatu zituen ikerketa bat egiteko izapideak, eta zegokion epaitegiari aurkeztu zizkion. Osalan eta Lan Ikuskaritzari zein Ingurumen Sailari zuzendutako espedienteak ere zabaldu ziren".

Horren harira, nabarmendu du "informazio horrek guztiak argi zehaztu ahalko ditu auzi horren zergatiak eta erantzukizunak. Diodanez, Justiziak erabakiko du. Gure eginbeharra da hori egiteko elementu guztiak eskura ematea".

Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila gertatutakoa aztertzeko, erantzukizunak zehazteko eta jardunbide protokoloak hobetzeko auditoria bat egiten ari dela esan du.

"Etengabeko harremana familiekin"

Urkulluk azpimarratu duenez, otsailaren 6ko gauean "familiekiko harremanetarako protokoloa" ezarri zuten. Horri esker, eurekin "etengabeko harremana" izan dute. Era berean, adierazi du otsailaren 12an batzartu zela haiekin, jakinarazteko "informazio garrantzitsua" eduki zuenean. Gauza bera egin zuen igandean.

Lehendakariaren esanetan, familiak "une oro" artatu dituzte, eta "informazio osoa, benetakoa eta errealista eman zaie lehen egunetik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Bizkaia Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Luiziak gaur Durangaldea azken ordukoa