Gizartea -

Epaiketaren hirugarren saioa

Gazteluetako irakasleek diote 'ezinezkoa' dela esandako bulegoan sexu-abusurik egitea

Astelehen honetako saioan lau irakaslek eta hiru ikaskidek deklaratu dute. Akusatuaren lankideek ziurtatu dutenez, "ezinezkoa" da bulego horretan deliturik egin izana, "jende asko pasatzen delako".

Gaztelueta auziko epaiketako hirugarren saioa. Argazkia: EiTB
Gaztelueta auziko epaiketako hirugarren saioa. Argazkia: EiTB
Gaztelueta auziko epaiketan lekukoek deklaratu dute

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko ikasle ohi batek salatutako sexu-abusuak direla eta bertako irakasle baten kontra Bizkaiko Lurralde Auzitegian egiten ari diren epaiketan lau irakaslek eta hiru ikaskidek deklaratu dute astelehen honetan, hirugarren saioan. Ildo horretatik, esandako bulegoan sexu-abusurik egitea "ezinezkoa" dela ziurtatu dute akusatuaren lankideek, "Bilboko Kale Nagusitik bezala, jende asko pasatzen delako handik".

Gazteak jarritako salaketaren arabera, duela hamar urte jasan zituen sexu-abusuak, Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasketak egiten ari zela. Orduan, 12 eta 13 urte zituen mutikoak.

Gauzak horrela, Fiskaltzak hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du haren irakasle izan zenarentzat, "sexu-abusu jarraitua" egotzita. Halaber, mutikoari 40.000 euroko kalte-ordaina ematea eta ikastetxea erantzule zibil subsidariotzat jotzea eskatu du Ministerio Publikoak. Ikasle ohiaren familiaren abokatuak, berriz, hamar urteko kartzela-zigorra eta biktimarengana urreratzeko debekua jartzea eskatzen du akusatuarentzat. Defentsak, ordea, akusatua aske uzteko eskaera egin du.

Gaurko saioan, akusatuaren lau lankidek eta hiru ikaskidek deklaratu dute epailearen aurrean. Irakasle guztiak bat etorri dira haien adierazpenean, eta esandako bulegoan sexu-abusurik egitea "ezinezkoa" dela azpimarratu dute. Izan ere, Gaztelueta ikastetxeko ikasleak eta irakasleak sarritan bulego horretan sartzen zirela gaineratu dute.

Irakasle batek gogora ekarri duenez, familiak jarritako salaketaren berri izan osteak ikastetxe horretako langile gehienek akta bat sinatu zuten notario baten aurrean, eta bulego horretan ikasle ohiak salatutako delituak egin izana "ezinezkoa" zela ondorioztatu zuten.

Dena dela, gaur deklaratu duten irakasleek ziurtatu dute akusatua eta biktima bilduta zeudenean inoiz ez zirela bulego horretan sartu. Dena dela, biek tutoretzak izan zituztela bazekitela aitortu dute.

Atea giltzapetu gabe zegoen

Langileek azaldu dutenez, ikastetxe horretako irakasle guztiek zuten bulegoaren atea ixteko giltza. Halaber, egunerokoan ez zutela erabiltzen ziurtatu dute, antza denez, atea irekita zegoelako beti. Alabaina, bulegoa barrutik itxi zitekeen galdetu dietenean ez dakitela erantzun dute.

Bestalde, tutoretzek ez zutela ordu finkorik azaldu dute, eta "ikasle bakoitzaren beharren arabera" tutoretza hori gehiago edo gutxiago luzatu zitekeela adierazi dute. Sexu-abusuak salatu zituen ikaslearen kasuan, "eskolara askotan falta zela" esan dute guztiek. Horrenbestez, mutikoak salatutako sexu-abusuen inguruan inolako berririk ez zutela aitortu dute.

Biktimaren futbol entrenatzailea eta ikastetxeko irakaslea zenak, gaztea entrenamenduetara eta partidetara "sarritan" falta zela berretsi du. Ildo horretatik, askotan "osasun arazoak" zituela arrazoitu du.

Maiztasun handiagoarekin irteten zen klasetik

Irakasleez gain, Gaztelueta ikastetxeko hiru ikaskidek deklaratu dute gaurko saioan. Guztiak bat etorri dira epailearen aurrean egindako adierazpenetan, eta gazteari inoiz ez ziotela erasorik egin esan dute. Era berean, haien aurrean mutikoak abusurik jasan ez zuela ziurtatu dute.

Bestalde, akusatutako irakasleak klasean ikasle guztiei antzeko "txantxak" egiten zizkiela gaineratu dute, baina "inori umiliatu gabe" egiten zituela argitu dute.

Ikasleek azaldu dutenez, biktimari maiztasun handiagoarekin deitzen zioten tutoretzetara. Era berean, gaztearekin egiten zituzten bilera horiek denbora gehiago irauten zutela esan dute. Hala, "bitxia" egiten zitzaiela nabarmendu dute, ikaskideei "hilabetean behin" deitzen zielako soilik, eta gazteari "hiruzpalau aldiz gehiago".

Dena dela, ikaskide bat ez da aurreko adierazpenarekin bat etorri, eta, bere iritziz, "klaseetara askotan falta zenez", ez zuela "ezer arrarorik sumatzen" esan du.

Tutoretzak egiten zituzten bulego horretatik egunean zehar jende asko "etengabe" sartu eta irteten zela azaldu diote ikasle ohiek epaileari. Hala, gehienetan atea giltzarik gabe ixten zutela aitortu dute.

Azkenik, biktimak inoiz ez ziela ezer esan azpimarratu dute ikasleek, eta ez zituztela sexu-abusurik pairatu azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia EAE albisteak Delituak albisteak Epaiketak albisteak Salaketak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Leioa argazkiak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza Haurtzaroa albisteak Sexu erasoak Vatikanoko azken ordukoa Irakasleak Sexu abusuak Eliza Katolikoan