Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek sexu-abusua eta lapurreta egin dizkio emakume bati Donostian
Bi gizon atxilotu dituzte, horietako bati lapurreta eta besteari gehiegikeriak egitea ere leporatuta. Hirugarren pertsona batek ere parte hartu du lapurretan, baina korrika alde egin du bertatik.
agentziak | erredakzioa
32 urteko gizon batek sexu-abusuak eta lapurreta egin dizkio emakume gazte bati Donostian ostegun goizaldean, Alde Zaharrean. Gainera, 23 urteko beste gizon bat ere atxilotu dute, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
04:00ak aldera izan da erasoa, Donostiako Aste Nagusian bete-betean sartuta daudenean, Alde Zaharreko Fermin Kalbeton kalean. Atxilotuetako bat biktimarengana joan da, taberna batean zegoela, eta ukituak egin dizkio gorputzeko hainbat tokitan.
Emakumeak buelta eman du, eta erasotzaileak, orduan, eskua poltsan sartu, eta telefonoa lapurtu dio. Ondoren, beste gizon bati eman dio sakelakoa, eta horrek, hirugarren bati. Azken horrek tabernatik alde egin du korrika.
Biktima ez ezik, tabernan zeuden beste pertsona batzuk ere lapurren atzetik abiatu dira, eta horietako bi harrapatzea lortu dute; ez, ordea, hirugarrena, telefonoa zeramana.
Ondoren, gertatutakoaren berri eman diote Ertzaintzari, eta agenteek aipatutako bi gizonak identifikatu eta atxilotu ditu, lapurreta egitea egotzita; sexu-abusuen delitua ere egotzi diote 32 urteko gizonari.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, hirugarren gizona identifikatu eta atxilotzeko.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.