Ekonomia -
Zerga-sistema
Zerga-erreforma kolokan, EH Bilduk eta PPk EAJren eta PSE-EEren azken testuari ezetz esan baitiote
Hiru aldundietako Ogasun diputatuek agerraldi bateratua egingo dute ostegunean, negoziazioen egoeraz informatzeko.
AGENTZIAK | EITB Media
Euskadiko erreforma fiskala kolokan dago. Izan ere, EH Bilduk eta PPk uko egin diote EAJk eta PSE-EEk Podemosekin adostu zuten testua oinarri hartzeari negoziazioei heltzeko.
Jeltzaleek eta sozialistek beste alderdi baten babesa behar dute Gipuzkoako eta Arabako Batzar Nagusietan, lurralde horietan ez dutelako gehiengo osoa.
Testuinguru horretan, Nerea Kortajarena EH Bilduren bozeramaileak kritikatu du "ultimatuma" dela EAJk Podemosekin hitzartutako testua negoziazioetarako oinarritzat jo izana.
Koalizio subiranistaren hitzetan, "beste talde batekin negoziatutako proposamen bat" mahaigaineratu diete. "Orain, EAJk eta PSE-EEk ohartarazi dute azken minutura arte prest egongo direla negoziatzeko, baina, aldi berean, hori dela haien azken proposamena", gaineratu du.
PPk ere atzera bota du Podemosekin adostutako negoziazioa oinarri hartuta negoziatzea, eta bere zuzenketak "zerotik" negoziatu nahi ditu.
Hori horrela, Javier de Andres EAEko PPren presidenteak uste du alternatiba izan daitekeela EAJk ezkerreko taldeekin adostutakoaren aurrean.
Bien bitartean, PSE-EEren eta Podemos Euskadiren buruak, Eneko Andueza eta Richar Vaquero, bildu dira gaur, sozialistek abiatutako bilera-sortaren baitan.
Foru Ogasunen agerraldi bateratua
Bestalde, hiru aldundiek agerraldi bateratua egitea erabaki dute, negoziazioen egoeraz informatzeko.
Hain zuzen ere, Itziar Agirre, Itziar Gonzalo de Zuazo eta Itxaso Berrojalbiz Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuek egingo dute agerraldia bihar, osteguna.