Ekonomia -
Manifestazioa
Martxa batek "prekarietatea, murrizketak eta gastu militarra" salatuko ditu larunbatean, Ezkerraldean
Ezkerraldeko hainbat kolektibok eta ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT eta CGT-LKN sindikatuek deitu dute protesta, "baliabide publikoak eta zaintza duina" eskatzeko. Mobilizazioa 12:00etan abiatuko da Sestaoko Kasko plazatik.
Agentziak | EITB Media
Ezkerraldeko hainbat gizarte-eragilek eta ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT eta CGT-LKN sindikatuek bat egin dute datorren larunbatean Sestao eta Santurtzi artean egingo den martxarekin, "prekarietatea, murrizketak eta gastu militarra" salatzeko eta "baliabide publikoak eta zaintza duina" aldarrikatzeko.
Mobilizazioa gaur aurkeztu dute Santurtzin deitzaileen ordezkariek, 'Ezkerraldea Martxan!' Prekarietatearen eta gastu militarraren aurka' lelopean. Protesta 12:00etan abiatuko da Sestaoko Kasko plazatik, Portugaleterantz eta, ondoren, Santurtzin bukatzeko.
Ekimenak honako hauen babesa du, besteak beste: Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Pentsiodunen Mugimendua, BOPA (osasun publikoaren aldeko Barakaldoko Plataforma), SOPA (osasun publikoaren aldeko Sestaoko Plataforma), Barakaldoko Berri-Otxoak eta Argitan Emakumearen Aholku Etxea, Sestaoko Neba-Neba eta Emari Emakumearen Aholku Zentroa, eta Santurtziko Marimatraka.
Era berean, Barakaldo Naturala, Ekologistak Martxan, Eguzki, Ezkerraldea Palestinarekin, IKAMA, Agharas (Bizkaiko Imazighen Elkartea), Mamarigako Kultur Etxea, Ernai Ezkerraldea, Kakitzat (Koordinadora Antimilitarista), Santurtziko Kelo Gaztetxea, Portugaleteko Sastraka Gaztetxea eta Santurtziko Eskubide Sozialen Bulegoa batu zaizkie, baita ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT eta CGT-LKN sindikatuak ere.
Ezkerraldeko kolektiboek manifestu batean ohartarazi dutenez, covid-19aren pandemiatik lau urtera eta izurriteak "sistema kapitalista eta neoliberalaren akatsak agerian utzi" zituen arren, Euskadiko, Estatuko eta EBko politikek "ez dute besterik egin, nora ezan sakondu baizik".
Era berean, azpimarratu dute "kapitala metatzeko fase berri" horri "fase belizista" gehitu behar zaiola, Palestinako herriaren "genozidioaren" eta Ukrainako gerra "etengabearen" ondorioz gastu militarra handitzen ari baita, "murrizketa sozialetan islatzen dena".
"Langileek neurriak hartu behar dituzte, bizitza zentrora eramateko, etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko, hezkuntza eta osasun publikoa eta kalitatezkoa izateko, zaintza-sistema publikoa izateko eta pertsona guztientzako soldata eta pentsio duinak izateko. Aldiz, berriro ere, eta politika publikoetan ohikoa den bezala, baliabide publikoen pribatizazioaren aldeko apustua egiten dute buruzagiek, Ezkerraldeko bizilagunek sufritu dutena ", salatu dute.
Ezkerraldean, "hilaren amaierara iristeko zailtasunak gero eta handiagoak dira", ohartarazi dute deitzaileek, eta, horrez gain, "ultraeskuineko diskurtsoen gorakada" gogorarazi dute, "lurralde ezberdinetan zabaltzen ari baitira", eta kaleetan "xenofobia eta arrazakeria bereziki areagotu" dira.
Ildo horretan, "pobrezia gero eta kriminalizatuagoa" dela salatu dute, "gizarte-laguntzak jasotzen dituzten pertsonen etxeetan eguneroko miaketak eginez". Bestalde, nabarmendu dute beharrezkoa dela zaintza sistema "erantzunkideago" baterantz aurrera egitea, publikoa, unibertsala eta doakoa.