Ekonomia -
Langabezia
3.131 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn eta 462 gutxiago Nafarroan, maiatzean
Urte arteko datuak alderatuta ere langabeziak behera egin du bai EAEn (-853) eta baita Nafarroan ere (-233). Halaber, inoiz baino pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda: 1.019.000 EAEn eta 311.000 Nafarroan.
O. A. | EiTB Media
Bigarren hilabetez jarraian langabeziak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta hirugarrenez Nafarroan, maiatzean. Jaitsiera handiagoa izan da EAEn (% 2,86) Nafarroan baino (% 1,53), Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak eta astearte honetan argitaratutako datuen arabera.
Lanbide EAEko enplegu zerbitzu publikoan 106.422 pertsona zeuden langabe gisa erregistratuta maiatzean, apirilean baino 3.131 gutxiago. Nafarroan 462 langabe gutxiago zenbatu dituzte maiatzean, eta guztira 29.779 dira lanik gabe daudenak.
Iazko maiatzetik aurtengo maiatzera, 853 langabe gutxiago daude (% 0,8) EAEn. Nafarroan % 0,78ko jaitsiera izan da, hau da, 233 langabe gutxiago.
EAEko hiru lurraldeetan jaitsi da langabeen kopurua apirilaren aldean: Araban 725 langabe gutxiago (% 3,86), Gipuzkoan 1.009 gutxiago (% 3,46) eta Bizkaian 1.397 gutxiago daude (% 2,27). Araban eta Bizkaian jaitsi egin da langabeen kopurua iazko datuekin alderatuta, 910 (% 4,79) eta 20 langabe gutxiago (% 0,03) izan baitira, hurrenez hurren. Gipuzkoan, aldiz, iaz baino 77 lagun gehiago zeuden lanik gabe (% 0,27).
Zerbitzuen sektorean jaitsi da batez ere langabezia, aurreko hilabetean baino 2.826 langabe gutxiago zenbatu baitira. Gainerako sektoreetan jaitsiera txikiagoa izan da: Industrian 154 gutxiago, eraikuntzan 136 gutxiago eta nekazaritzan 80 gutxiago.
Espainiako Estatuan % 2,20 behera egin du langabeziak, eta aurreko hilabetearekin alderatuta, 58. 650pertsona gutxiago zeuden lanik gabe. Hala, 2.607.850 langabe daude, azken urtean % 4,79 behera eginda (131.260 langabe gutxiago).
Afiliazio eta kontratazio datuak
Afiliazioari dagokionez, EAEn, maiatzean, 1.019.213, afiliatu zeuden Gizarte Segurantzan, hau da, apirilean baino 5.497 gehiago (+ % 0,54), Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak astearte honetan argitaratutako datuen arabera.
Halaber, 2023ko maiatzean baino 16.627 kotizatzaile gehiago daude iaz baino % 1,66 gehiago.
Laugarren hilabetez jarraian afiliazioak gora egin du, urtarrilean 9.756 kotizatzaile galdu ostean.
Kontratazioari dagokionez, maiatzean 62.794 kontratu berri sinatu dira EAEn, eta horietatik 14.705, % 23,42, ia lautik bat, mugagabeak izan dira.
Nafarroan 3089 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak, % 1 gehiago apiriletik, eta 311 263 dira kotizatzen dutenak. 2023ko maiatzarekin alderatuta, 4.733 afiliatu gehiago daude, hau da, % 1,54 gehiago. Gainera, 23.951 kontratu sinatu dira, aurreko hilabetean baino % 12 gehiago, eta horietatik 5.085 mugagabeak izan dira eta 18.866 aldi baterakoak.
Espainiako Estatuari dagokionez, Gizarte Segurantzan izena emanda dauden kopuruak errekor berria ezarri du. Guztira 21.321.794 afiliatu daude, hilabete bakar batean ia 220.289 irabazita.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak azpimarratu duenez, Gizarte Segurantzako afiliazioaren errekor berriak (1.019.213 afiliatu) enplegu gehiago eta hobearen lurzorua "egonkortzen" du.
Sailak gaur goizean bidalitako oharraren arabera, amaitzen ari den legegintzaldia enpleguaren legegintzaldia izan da, 2020ko abuztuan baino 40.000 pertsona gutxiago baitaude lanik gabe eta ia 81.000 gehiago, berriz, Gizarte Segurantzan izena emanda. Gainera, maiatzeko langabezia datua 2008tik izandako baxuena da.
Bestalde, azpimarratu du milioi bat afiliaturen zenbakia "egonkortu" egin dela.
Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, afiliazioari buruzko datua inoizko onenak izan dela azpimarratu du: 311.263 bataz beste.
Enpleguari buruzko datuak "hobera" joatea espero du ELAk
EAEn eta Nafarroan enpleguari buruzko datuak "txarrak" ez izan arren, "hobera" joatea espero du ELAk. Sindikatuaren arabera, oraindik ere bide luzea dago egiteko Europako batez bestekora iristeko. Halaber, salatu du maiatzean sinatutako kontratuen % 77 aldi baterakoak izan zirela.
Prekaritatean oinarrituriko eredu sozioekonomikoa "finkatzen" ari dela salatu du LABek
Langabeziak behera egiten ari bada, prekaritatean oinarrituriko eredu sozioekonomikoa finkatzen ari delako dela salatu du LAB sindikatuak. Horren esanetan, "enplegu prekarioa egiturazkoa da, lan baldintzei erreparatuz eta zerbitzuetan oinarrituriko ekonomia finkatu dela kontutan hartzen badugu".