Ekonomia -
SEKTORE PUBLIKOA
Sindikatuek alderdiei eskatu diete sektore publikoko langileen baldintzak Hego Euskal Herrian erabakitzea
Bilera erronda abiatu dute gaur alderdi politikoekin eta soilik EH Bildu eta Sumar joan dira hitzordura. EAJk uko egin dio eta, Podemosek, PPk eta PSE-EEk "ez dute erantzun ere egin", sindikatuek azaldu dutenez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek alde biko bilerak deitu dituzte astelehen honetan euskal indar politikoekin, EAEk eta Nafarroak sektore publikoko soldatei eta enpleguari buruz erabaki dezaten, Madrilen "betorik" gabe.
Bilera horietan EH Bilduk eta Sumarrek baino ez dute parte hartu. Jeltzaleek uko egin diote joateari, eta Podemosek, PPk eta PSE-EEk "ez dute erantzun ere egin", sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoan adierazi dutenez.
EH Bildurekin eta Sumarrekin izandako bileretan, sindikatuek proposamen bat helarazi diete, Diputatuen Kongresuan zuzenketa moduan aurkezteko. Onartuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroari aukera emango lieke bere langile publikoen baldintzei buruz erabakitzeko, hemengo erakundeetatik funtzionarioen soldatak eta lan-baldintzak finkatuz. Prentsaurrekoan nabarmendu dute 150.000 pertsona baino gehiago ari direla lanean sektore publikoan.
Igor Izagirreren (ELA) arabera, hamarkada bat baino gehiago darama Espainiako Gobernuak aurrekontuen legearen edo antzeko beste lege batzuen bidez sektore publikoetako soldaten eta enpleguaren inguruan erabakitzen. Gauzak horrela, alderdi politikoei eskatu die beto hori normaltzat ez jotzeko eta "euren botoak autogobernua defendatzeko eta Euskadin sektore publikoaren beharrak negoziatzeko" erabiltzeko.
Izagirrek zalantzan jarri du bilerara joan ez diren gainerako alderdi politikoen interesa, baina esan du proposamena bidaliko dietela.
Sindikatuentzat, sektore publikoari buruz erabakitzeko gaitasuna Euskadira eta Nafarroara ekartzean egungo behin-behinekotasunaren % 40a murrizten lagunduko luke, baita pribatizazioak ere, 120.000 lanpostu, gutxi gorabehera. Gainera, soldatak hobetzea earriko luke, "azken hamarkadan % 20 jaitsi baitira".