Ekonomia -

SMI

Akordiorik gabe amaitu da lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko bilera

Lan Ministerioak uste du lanbide arteko gutxieneko soldataren % 4ko igoera "nahikoa orekatua" dela sindikatuekin eta patronalarekin akordio bat lortzeko, eta patronalari ohartarazi dio, itunik ezean, igoera "anbizio handiagokoa" izango dela.

Behargin bat lanean. Irudia: EFE
Behargin bat lanean. Irudia: EFE
Behargin bat lanean. Irudia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Momentuz ez dago akordiorik. Astelehen honetan Lan Ministerioak, patronalak eta sindikatuek lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko bilera egin dute, baina hitzorduak ez du fruiturik eman, eta ondorengo egunetan egingo dute bilera berri bat. Gaur gaurkoz hilean 1.080 euroan dago ezarrita gutxieneko soldata Espainiar Estatuan.

Lan Ministerioak lehenbailehen itxi nahi du akordioa, eta zehaztu du igoera hori % 4tik beherakoa ez izatea 2024an; enpresaburuek, beren aldetik, % 3ko igoera proposatu dute, eta sindikatuek % 5ekoa izatea nahi dute.

Bileraren aurretik, Laneko eta Gizarte Ekonomiako Estatu idazkari Joaquin Perez Reyk CEOEri ohartarazi dio, akordiorik ezean, azkenean sindikatuekin bakarrik negoziatuko duela igoera, eta, hortaz, ziur asko % 4tik gorakoa izango dela.

Gizarte Ekonomiako estatu-idazkariaren arabera, "denak egongo diren" itun bat lortzea zen gaurko bileraren helburua, eta zentzu horretan, "gaur gizarte eragileek baiezkoa eman diezaguten", bere esku dagoen guztia egiteko prest dagoela adierazi du. 

Bilera, baina, akordiorik gabe amaitu da. CCOOk eta UGTk "koherentzia" eskatu diote Espainiako Gobernuari. Bileraren ostean, Mari Cruz Vicente CCOOko Ekintza Sindikaleko idazkari konfederalak esan du bilerak ez duela "arrakasta handirik" izan, eta hiru aldeek beste bilera bat adostu dutela ostegun edo ostiral honetarako.

UGTko gizarte-politikako idazkariorde nagusiak, Fernando Lujanek, bere aldetik, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren igoera ordaindutakoaren araberako gutxieneko pentsioen igoeraren antzeko parametroetan (% 5 eta % 7 artean igo dira) egotea nahi du, eta kotizaziopekoak ez diren gutxieneko pentsioen edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren antzeko parametroetan (% 6,9 hazi dira).

Lan Ministerioaren asmoa da aste honetan bertan Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren igoera onartzea, urtarrilean bertan onar dadin eta urtarrilaren 1etik aurrera atzeraeraginezko ondorioak izan ditzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Soldatak CEOE UGT CCOO