Ekonomia -

Balantzea

Kontsumobidek energia hornidurarekin lotutako kexen gorakada handia jaso zuen 2022an

Energiaren eta uraren hornidurarekin lotutako kexak % 89 hazi ziren, eta kopuru absolutuaren (28.645) % 13ra iritsi ziren. Telefono eta telekomunikazio sektoreak jarraitzen du izaten kexa gehien jaso duena.

Jendea Bilbon. Argazkia: Efe
Jendea Bilbon. Argazkia: Efe
Jendea Bilbon. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak 28.645 kexa jaso zituen iaz, eta horietatik 6.383 telefonia eta telekomunikazio zerbitzuekin zeuden lotuta. Nahiz eta 2021eko datuen aldean % 20ko beherakada izan, kexa gehien jasotzen dituen sektorea da oraindik. Energia eta ur hornidurarekin lotutako erreklamazioek, berriz, % 89ko gorakada izan zuten, eta kopuru osoaren % 13 dira jada.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak 2022ko balantzea aurkeztu du Gasteizen, Laura Alzola Kontsumobideren zuzendariarekin batera.

2022an Kontsumobiden sartutako kexen erdiak baino gehiago, % 50,5, online izapidetu ziren, eta 2019an % 9 bakarrik izan ziren bide horretatik aurkeztutakoak.

Sailburuak azaldu du kexa kopuruak "apur bat" gora egin duela, 28.645eraino. Gehien hazi direnak, aipatu moduan, energiaren, uraren eta beste batzuen hornidurarekin lotutakoak izan dira, ia bikoiztu baitira.

Hurtadoren hitzetan, "kasu gehienetan" erreklamazioek ez dute isuna ekarri, ez zirelako arau-hausteak; izan ere, "fakturan sartutako berritasun guztiek kontsumitzaileen artean zalantza asko sortu dituzte".

Dena den, Kontsumobidek 521 isun izapidetu zituen iaz: 145 Araban, 217 Gipuzkoan eta 159 Bizkaian. Guztira 77 txosten helarazi zitzaizkien etxeko tresnen sektoreko enpresei (tartean informatikako eta ikus-entzunezko produktuak saltzen dituztenak), 52 telefonia arloko enpresei, 50 ibilgailu konpontzaileei, eta 27 'ibilgailuak' kategoriako enpresei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak KontsumoBIDE Energia ekoizpena gaur