Ekonomia -

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Labrazako parke eolikoaren proiektuak ingurumen baimena jaso du eta Azazetakoak "berehala" izango du

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak jakinarazi duenez, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) beste pauso bat eman du eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen eskutan dago dagoeneko.

Parke eoliko baten irudia. EITB MEDIAren artxiboko bideo batetik ateratako irudia
Parke eoliko baten irudia. EITB MEDIAren artxiboko bideo batetik ateratako irudia
Parke eoliko baten irudia. EITB MEDIAren artxiboko bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Labrazan parke eolikoa egiteko proiektuak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena jaso du eta Azazetako proiektuak "berehala" izango duela jakinarazi du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak gaurko gobernu bileran. Sailburuaren arabera, Labrazako proiektu eolikoa 2024aren amaieran gauzatu ahal izango da eta Azazetakoa, ostera, 2025ean. Biak ala biak 2025. urtearen amaieran martxan egotea aurreikusten du.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Arantxa Tapiak azaldu duenez, "zalantzarik gabe, Euskadiko energia politikan garrantzi berezia duen mugarri baten aurrean gaude, eta oraindik energia eolikoaren sorrera aktibatzeko denbora falta bazaigu ere, aurrerapauso garrantzitsua da".

Arabako Oion udalerrian kokatuko den Labrazako parke eolikoak 8 aerosorgailu izango ditu eta 40 megawatt (MW) ekoizteko gaitasuna energia sortzeko ahalmena izango du. Aixeindarrek, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako sozietateak, sustatutako ekimena da. Bi erkidego ezberdinei, Euskadiri eta Nafarroari, eragiten dien proiektua denez, ministerioen tramitazioa behar izan du, eta aldeko txostena jaso berri du.

Tapia: ''2025 urte hasierarako martxan egongo dira Labraza eta Azazetako parke eolikoen obrak''
Tapia: ''2025 urte hasierarako martxan egongo dira Labraza eta Azazetako parke eolikoen obrak''
Tapia: ''2025 urte hasierarako martxan egongo dira Labraza eta Azazetako parke eolikoen obrak''

0:27

Azazetako instalazioak ere 8 aerosorgailu aurreikusten ditu eta 40 megawatt (MW) sortzeko gaitasuna izango du. Dulantzi, Iruraiz Gauna, Donemiliaga, Arraia Maeztu eta Bernedo udalerrietan kokatuko da. Kasu honetan ere Aixeindar da proiektuaren sustatzailea. Eusko Jaurlaritza Azazetako instalazioari dagokion Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena amaitzen ari da une honetan, eta tramitazioa osatu egingo da Arabako Foru Aldundiak Plan Berezia onartzen duenean.

Edonola ere, bi kasuetan, ingurumen baimenak neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsatzaileak proposatzen ditu, eta horiek kontuan hartu beharko dira egikaritze proiektuak idazterakoan.

Bi instalazio horiez gain, ondoren aurreratuen egongo litzatekeen proiektua Armiñonen egin asmo duten Ekienea planta fotovoltaikoa litzateke.

Une honetan, Euskadik kontsumitzen duen energiaren % 10 sortzen du, eta 2030erako % 15 sortzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua, iturri berriztagarriak erabiliz.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) beste fase batean sartu da

Bestalde, Arantxa Tapiak azaldu duenez, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) —Euskadiko lurraldea antolatzeko tresna bat da— beste pauso bat eman du eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen eskutan dago dagoeneko.

Tapia sailburuaren esanetan, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala "hasierako fasean" dago eta prozesu administratiboak beste urte eta erdi iraungo du oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Nafarroa gaur Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal mendiak argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Energia berdeari buruzko albisteak Arabako Ibarrak Eskualdea Energia