Ekonomia -

Auzitegi Gorena

Gorenak errefusatu egin du Osakidetzako medikuei 20 minutu ematea kutsatzeetatik babesteko garbiketarako

Sindikatuek eskatuta aztertu du gaia. Covid-19arengandik eta beste arrisku biologiko batzuengandik babesteko medikuei garbiketarako 20 minutu ematea eskatzen zuten.

Osakidetzako langilea. Argazkia: Efe
Osakidetzako langilea. Argazkia: Efe
Osakidetzako langilea. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Osakidetzari eta atzera bota du zazpi sindikatuk sartutako salaketa. Covid-19arengandik kutsatzeko arriskua murrizte aldera, medikuei, euren burua garbitzeko, lan orduen barruan 20 minutu ematea eskatzen zuten.

Osasun Sailak eta Osakidetzak prentsa-ohar batean gogorarazi dutenez, Satsek, ELAk, CCOOk, Euskadiko Sendagileen Sindikatuak, ESK-k, UGTk eta LABek sartutako salaketaren aurka agertu zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusia ere, eta orain Auzitegi Gorena da Osakidetzari arrazoia ematen diona.

Sindikatuen eskaera zehatza hau zen: 10 minutu ematea medikuei lanetik atera aurretik euren burua garbitzeko, eta lanaldi zatituaren kasuan, beste 10 minutu ematea bazkaldu aurretik zeregin horretarako.

Sendagileek bi armairu edukitzea ere eskatzen zuten, bat norberaren gauzak gordetzeko, eta beste bat arropa eta lanekoak sartzeko.

Auzitegi Gorenak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuen moduan, bi salaketak errefusatu ditu, "osotasun fisikorako eta bizitzarako oinarrizko eskubideen urraketa" ez dagoelakoan.

Gorenaren ebazpenean agertzen denez, Osakidetzak jada baditu eragile biologikoen aurrean arriskua prebenitzeko protokoloak eta argibidedun gida teknikoak, eta bertan jartzen du bere burua garbitzeko betebeharra duela medikuak kutsatutako gaixoekin edo susmagarriekin egon ostean. Horregatik, auzitegiak uste du "higiene neurriak bermatzen dituen lan sistema ezarria" dagoela, "lan orduetan behar adina aldiz" egitea aurreikusten delako.

Auzitegiaren arabera, "langileek neurri higieniko hori aplikatu behar badute beharrezkoa den guztietan lan orduetan, ez du zentzurik legea horrela interpretatzea eguneko lan orduetatik 20 minutu kentzea bakarrik ekartzen duelako, segurtasun eta eraginkortasunik eman gabe langileen osasunari begira".

Arropa gordetzeko armairuaren kasuan, adierazi du berrerabilgarriak ez direnak (mantalak, eskularruak, musukoak, betaurrekoak…) poltsa jakin batzuetan uzten direla, eta oinetakoak beste batean, garbitu ditzaten.

Osakidetzak txalotu egin du ebazpena, osasun zentroetan lan arriskuen prebentzioa "lehentasuna" izan dela aitortzen duela iritzita.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba ELA LAB Auzitegi Gorena Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak Koronabirusa ESK