Ekonomia -
MOBILIZAZIOAK
Gehiengo sindikalak lan erreformaren aurkako manifestazioak egingo ditu gaur Hegoaldeko hiriburuetan
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean deitu dituzte manifestazioak "Lan Erreforma honi, ez" lelopean. Halaber, lan erreformaren bozketaren bezperan elkarretaratzeak egingo dituzte lantokien aurrean.
EITB Media
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek lan erreformaren aurkako manifestazioak deitu dituzte gaur eguerdirako Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, Espainiako Gobernuak, CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostu duen lan erreformak Diputatuen Kongresuaren onespena jaso behar du eta, oraingoz, PSOEk eta Unidas Podemosek osatzen duten koalizio gobernuak ez du babes nahikorik aldaketa gauzatzeko.
Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira, "Lan Erreforma honi, ez" lelopean. Besteak beste, lan harremanen euskal esparrua defendatu eta kaleratze errazen aurka egingo dute. Bilbon Moyua plazatik abiatuko da, Donostian, Alderdi Ederretik; Gasteizen Bilbao plazatik eta, Iruñeab, autobus geltoki zaharretik.
Asteon egindako agerraldian nabarmendu dutenez, "euskal langileon bizitzan hainbesteko garrantzia duen gai baten inguruko erabakiak Madrilen hartzeak agerian uzten du EAEko eta Nafarroako autogobernuaren mugak". Are gehiago, horien esanetan, euskal langileak eta herritarrak ordezkatzen ez dituzten eragile sozialak izan dira gai horren inguruko erabakiak hartu dituztenak.
Halaber, Espainiako Gobernuari aurpegiratu diote bere hitza ez betetzea eta 2012an Alderdi Popularrak aldebakarrez inposatutako lan erreforma ez indargabetzea. "Ez dute agindutakoa bete eta ez dituzte lan erreformaren elementu kaltegarriena deuseztatu", gaineratu dute.
Bestalde, lan erreformaren bozketaren bezperan elkarretaratzeak egingo dituzte lantokien aurrean.