Ekonomia -

Sistema publikoaren defentsan

Pentsio duinen aldeko Madrilgo mobilizazioarekin bat egingo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak

Azken lan-erreformak baliogabetzea, soldaten eta emakumezko pentsiodunen ordainsarietako genero-arrakala desagertzea eta pentsioa Gutxienezko Soldatarekin parekatzea, besteak beste, eskatu dute gaurko martxan.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Bilbon egindako martxetako baten argazkia. Iturria: EFE
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Bilbon egindako martxetako baten argazkia. Iturria: EFE
Euskal pentsiodunen ahotsa entzun da gaur Madrilen

1:33

T.S.J. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EHMP Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du pentsio duinen eta sistema publikoaren alde larunbat honetan Madrilen izan den mobilizazioarekin. COESPE Sistema Publikoaren Defentsaren aldeko Espainiako Koordinakundeak deitutako martxa izan da.

Eguerdian Diputatuen Kongresutik abiatuko da martxa, Sol Plazaraino. Azken lan-erreformak eta 2011, 2012 eta 2013ko pentsio-erreformak baliogabetzea, soldaten eta emakumezko pentsiodunen ordainsarietako genero-arrakala desagertzea, pentsioa Gutxienezko Soldatarekin parekatzea eta erretiro-adina 65 urtekoa berriro izatea eskatu dute gaurko protestan.

Pentsiodunen euskal mugimenduak nabarmendu duenez, "pentsio eta pentsio publiko duinen eta nahikoen sistema publikoaren defentsa partekatzen ditugun oinarrizko aldarrikapenak dira, baita pentsioen sistema publikoaren finantzaketa bermatzea ere".

"Berme hori murriztu egin dute prekarietatearen lan-erreformek, soldata txikiek eta pentsio-funtsak gobernuen beste politika batzuen gastuetarako erabiltzeak; gastu horiek ikuskatu egin behar dira, mobilizazioan eskatzen dugun bezala, eta itzuli egin behar dira, gure belaunaldiarentzat baita datozenentzako ere PSP (Pentsioen Sistema Publikoa) bermatzeko", gaineratu du.

Bestalde, pentsio-erreformaren Espainiako Lege-Proiektuaren tramitazioaren inguruan bat egiteko eskatu diete pentsiodunek "alderdi subiranistei eta ezkertiarrei, zuzenketak adostu ahal izateko" eta egungo lege-proiektuaren kontra egiteko. 

"Arau hausteak" Barakaldoko egoitza batean

Bestetik, kudeaketan eta erabiltzaileen tratuan "arau hauste larriengatik" Barakaldon itxitako adinekoen egoitzaren gainean, euskal pentsiodunek adierazi dute zaintza-sistema pribatizatu izanaren "beste adibidetako bat" dela.

Ohar baten bidez salatu dutenez, "arau hausteak izan dira egoitza jabez aldatu denean, eta kudeaketa berri horrek egoitzaren erabiltzaileei eta langileei prekarietatea eta utzikeria ekarri dizkie".

Hori horrela, egoitza horretan bizi diren adinekoei eta langileei babesa adierazi die pentsiodunen mugimenduak, eta kalitatezko zaintza-sistemaren sare publikoaren eta unibertsalaren defentsa berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Adinekoentzako egoitzak gaur Manifestazioak Pentsioak Soldatak